EUSKAL PILOTA
Emakumezkoen larruzko paletako Bizkaia Txapelketa aurkeztu dute
Emakumezkoen larruzko paletako Bizkaia Txapelketa sona haundiko lehiaketa da aspalditik (honakoa IV. edizioa izango da) eta zalantza gabe Bizkaian emakumezkoen kirola sustatzearen aldeko apustu garbia da, urtero beste urrats bat ematen duelarik egutegian leku esanguratsua izateko.
Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak txapelketaren laugarren edizioa aurkeztu zuen atzo, edizio honetan parte hartuko duten palistekin batera, eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako txapelketaren xehetasunak eman zituen.
Emakumezkoen Larruzko Pilotako IV. Bizkaia Paleta Txapelketan guztira lau bikote arituko dira nor baino nor gehiago txapelaren bila: Uxue Agirresarobe-Ariane Arrieta, Nagore Martin-Maider Huizi, Amaia Irazustabarrena-Leire Etxaniz eta Leire Galdos-Itsaso Erasun.
Lau jardunaldi izango dira orotara (urtarrilaren 2an, 9an, 16an eta 23an), eta final haundia hilaren 30ean egingo da. Jaialdiak igandero izango dira Bilboko pilotalekuan, eguerdiko 12: 00etatik aurrera, eta guztien arteko ligaxka batekin hasiko da, nahiz eta lehen fase hau ez den berez kanporaketa izango, lau bikoteak finalerdietara pasatuko direlako. Hori bai, finalerdiak zehazteko balioko du, lehen sailkatuek laugarrenen aurka jokatuko baitute eta bigarrenek hirugarrenen aurka, urtarrilaren 30ean egingo den finalerako txartela eskuratzeko asmoz.
Puntuazioak ere, beste edizioetako berdinak eta Innpalako formatuetan ohikoak direnak izango dira aurten ere. Lehia bakoitzaren garailea, hamabi tantoko hiru jokoetan onena izango delarik.
Igande honetan, urtarrilak 2, lehiatuko den lehenengo jardunaldian, Uxue Agirresarobe eta Ariane Arrieta Nagore Martin eta Maider Huiziren aurka arituko dira. Ondoren, Amaia Irazustabarrenak eta Leire Etxanizek Leire Galdos eta Itsaso Erasun izango dituzte aurkari.
Eskuz Binakako Masterreko finalerdiak, larunbatean
Naroa Elizalde-Olatz Ruiz de Larramendi vs. Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi eta Olatz Arriabalaga-Naroa Agirre vs. Leire Garai-Oihana Orbegozo
Larunbatean hasiko da Iruñerriko Erremonte Profesionaleko txapelketa
Sei bikote arituko dira martxoaren 20an hasi eta apirilaren 9an amaituko den lehiaketan
Ibai Perez da buruz buruko txapeldun berria
Pala Banakakoaren finalean Esteban Gaubekari 3-1 irabazita bere bigarren txapela jantzi du sestaotarrak