EUSKAL PILOTA
Emakumezkoen larruzko paleta torneoaren bigarren jardunaldia jokatu da
Emakumezkoen larruzko paleta III. Bizkaia torneoaren bigarren jardunaldia pasa den larunbatean lehiatu zen, apirilak 17, Bizkaia Frontoian, arratsaldeko 17:00tan hasita.
Bigarren jardunaldi honetan bi partida jokatu ziren, alde batetik Irazustabarrena eta Arrillaga Agirresarobe-Landajoren kontra aritu ziren eta bestetik Larrarte-Erasun zein Iturbe-Zulaika bikoteak neurtu ziren.
Aurreneko partidan, Irazustabarrena eta Arrillaga oso faboritoak ziren, izan ere, bikote gipuzkoarrak maila eta eskarmentu handiagoa dauka, palista bizkaitarrekin alderatuta. Eta espero bezala, garaipen erosoa lortu zuten, aurkariei 2-0 irabazita (12-3 eta 12-6). Hala ere, Agirresarobe eta Landajok merito haundiko bikotea osatzen dute, soilik 16-17 urte eukita modalidade honen izarren aurka arituta.
Bigarren partiduan, Larrarte-Erasun eta Iturbe-Zulaika bikoteek neurtu zituzten indarrak. Norgehiagoka honetan ere, gipuzkoarrak ziren faboritoak eta hauek ere ez zuten hutsik egin, Iturbe eta Zulaikari 2-0 irabazita (12-4 eta 12-6). Larrarte eta Erasun ederki moldatzen dira kantxa barruan eta oso bikote lehiakorra osatzen dute. Orozkoko Olgetan klubeko aurkariek aldiz maila ona erakutsi zuten beste behin ere nahiz eta garaipenak ihes egin zien.
Gogoratu beharra dago, txapelketako aurreneko jardunaldian honako emaitzak eman zirela: Nagore Martin eta Leire Etxanizek 2-0 (12-3 eta 12-2) irabazi zioten Uxue Agirresarobe-Maialen Landajo bikoteari eta Leire Galdos eta Maider Mendizabalek 2-0 (12-6 eta 12-9) irabazi zieten Udane Iturbe eta Olatz Zulaikari.
Larruzko Pilotako III. Bizkaia Paleta Txapelketa
Sei bikotek jokatuko duten txapelketak guztira lau jardunaldi izango ditu: lehenengoa Larrabetzuko pilotalekuan izango da apirilaren 10ean eta Bizkaia frontoian jokatuko dira hurrengo partidak, apirilaren 17an eta 24an. Finala 30ean jokatuko da.
Emakumeen Larruzko Pilotako III. Bizkaia Paleta Txapelketa Bizkaia frontoiko Facebook bidez jarraitu ahal izango da, oraindik ez baitago baimenduta gaur egungo kirol ekitaldietan jendeak ikusle moduan parte hartzea. Gainera EITBk finala eskainiko du.
Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Nazionala irabazi du Irurtzunek
Lemoari (3-0) gailenduta, 2020koa behar zuen txapela eraman zuen, 2019an lortutakoa berretsiz
Master Laboral Kutxaren aurpegi guztiak Ortuellan ikusgai
Giro goxoa Ortuellan lehen mailako mistoko pilotariak lehiatzen hasi diren jardunaldian
Goikoetxea V.ak eta Barrenetxea IV.ak Txapelketako lehen lau puntuak eskuratu dituzte
40-28 nagusitu dira Juanenea eta Aizpuru III.aren aurka, Galarretan jokaturiko partidan