EUSKAL PILOTA
Emakumezkoen Binakako Masterreko finalerdiak zehaztu dira
Argazkiak: emakumemastercup.eus
Espinar-Agirre/Ruiz de Infante-Arrillaga eta Arrizabalaga-G. Aldai/AmaiaAldai-Orbegozok jokatuko dituzte Binakako Master LABORAL KUTXA txapelketako finalerdiak
Arazoak arazo, Binakako Master LABORAL KUTXA txapelketako lehen partidak jokatu ahal izan dira asteburu honetan eta Espinar-Agirre/ Ruiz de Infante-Arrillaga eta Arrizabalaga-Gentzane Aldai /Amaia Aldai-Orbegozo dira abenduaren 6an jokatuko diren finalerdietarako sailkatutako bikoteak.
Konfinamenduak, positiboak eta lesioek –Ane Urkizu eta Nora Mendizabalek ezin izan dute jokatu– ez dute ezer lagundu, baina oztopoek ez zituen antolatzaileak kikildu. Larunbatean, bi partida oso borrokatu eta polit eskaini zituzten lehiatzeko gogo biziz zeuden pilotariek. Lehenengoan, Patri Espinar eta Naroa Agirrek 22-18 irabazi zieten Andrea Aldaregia eta Olatz Ruiz de Larramendi lehia ikusgarri batean. Zirrarak azken unera arte iraun zuen eta azkenerako, Usansoloko aurrelariak material mota guztiekin bikain molda daitekeela erakutsi zuen.
Bigarren partidan, Gentzane Aldairi Ane Urkizuren lekua betetzea tokatu zitzation eta ederki lagundu zion maila bikainean ari den Olatz Arrizabalagari. Gernikakoa bikain moldatu da pilota mistora, goxoarekin baino askoz min handiagoa egiten du eta oso arriskutsua da. Iera Agirre eta Arrate Bergara saiatu ziren partidari eusten, baino amore eman behar izan zuten 22-15.
Legution jokatu dira ere B taldeko bi partidak eta Gentzane Aldairi bere titular postua defendatzea tokatu zitzaion eta Leire Garai aurrean zuela, ezin izan zuen bezperako maila berdindu. Ainhoa Ruiz de Infante eta Miriam Arrillagak oso bikote sendoa osatu dute eta hasiera hasieratik hartu zuten partidako aginte makila (22-8). Ruiz de Infantek min handia egin zuen sakez, denera sei tanto lortu ditu jokaldi honekin, gehienak hasieran eta Garai eta Aldaik ez zuten markagailuan atzetik jokatzen jakin.
Oso bestelakoa izan zen bigarren partida non Oihana Orbegozok eta Amaia Aldaik izugarri sufritu behar izan zuten Miren Larrarte eta Arrate Bergarari 22-20 gailentzeko. Are gehiago, partidak amaiera bitxia izan du, gorriak 21-16 aurreratu badira ere, Larrarte eta Bergara markagailua 21ean berdintzeko puntuan izan dira. Azken tanto horretan, epaileak ontzat eman du Amaia Aldaik eraman duen oso dudako pilota bat eta Dimakoak berak amaitu du partida nahasmenaren erdian.
Finalerdietan beraz, Ainhoa Ruiz de Infante eta Miriam Arrillaga izango dituzte aurrez aurre Espinarrek eta Agirrek. Aldaik eta Orbegozok, aldiz, Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldai izango dituzte aurkari. Abenduaren 6an jokatuko dituzte bi partidak, eta bi bikote irabazleak izango dira txapelketaren aurtengo finalean.
Emakume Master Cup txapelketako txapelak jantzi dituzte Leire Etxaniz eta Miriam Arrillagak
Bi irabazleak jaun ta jabe izan ziren ta merezita erdietsi zuten garaipena
Iparraldeko finalerako txartelak zehaztu dira Iruran, Xarearen festan
Finala abenduaren 21ean, Senperen jokatuko da, Joxi Lopetegi eta Mikel Funosasek Driolet eta Sistiagueren aurka lehiatuko direlarik
Iparraldeko Xareko Ligako finalerdiak, larunbatean Iruran
Munduko jokaliririk onenak arituko dira Iruran xarearen eta herriaren arteko harremanaren urteurrena betetzen delarik