EUSKAL PILOTA
Emakumeen I. Masters Gasteiz pilota txapelketako finalak jokatu dira
Pasa den igandean, abuztuak 8, jokatu ziren Emakumeen I. Masters Gasteiz pilota txapelketako finalak, Ogeta pilotalekuan, esku pilota eta goma-paleta modalitateetan.
Goma paletako finalari dagokionez, Ane Isasmendi – Ane Ibañez eta Haizea Salanueva – Itxaso Erasun bikoteak aritu ziren elkarren aurka, txapela eskuratzeko asmoz. Azken hauek izan ziren garaileak, 30-16ko markagailuarekin aurkariak mendean hartu ondoren. Erasun atzealdean jaun eta jabe izan zen eta nagusitasun hori baliatu zuen Salanuevak aurrealdean tantoak amaitzeko. Gasteizko bikotea aldiz ez zen eroso aritu kantxa gainean, eta nahiz eta posizioak aldatzeko saiakera egin ezin izan zuten bere mailarik onena eman.
Eskuzko lehian berriz, Iera Agirre-Olatz Ruiz de Larramendi eta Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre bikoteek neurtu zituzten indarrak, aurreko jardunaldian finalerako txartela eskuratu ondoren.
Izan ere, lehenengo finalerdian Arrizabalaga eta Agirrek 22-18 irabazi zieten Miren Larrarte eta Arrate Bergarari. Partidua amaieran erabaki zen eta ordurarte Larrarte eta Bergara hobeto aritu ziren, jokoa dominatuz. Orduan aurkariek material gogorragoa atera zuten eta Arrizabalaga jaun eta jabe bihurtu zen tantoak ederki amaitzen, Naroa Agirrek piloteoan erakutsitako kemenaren laguntzaz.
Bigarren finalerdian berriz, Iera Agirre eta Olatz Ruiz de Larramendi nagusitu ziren, Leire Garai eta Nora Mendizabali 22-14 irabazita. Ruiz de Larramendi atzekaldean nagusitu zen eta hartara partida hasi eta buka menderatu zuten.
Igandeko finalari dagokionez, Arrizabalaga ondo aritu zen baina ezin izan zuen Naroaren erresistentzia gogorra gainditu. Iera Agirre berriz jokoa nola ulertu behar den bikain erakutsi zuen eta burua hotz edukita Arrizabalagaren hutsegiteak eragin zituen. Orohar partida ikusgarria izan zen, jokaldi ederrekin, azkenean Olatz Ruiz de Larramendi eta Iera Agirre txapela jantzi zutelarik, aurkariak 22-16ko markagailuarekin gainditu ostean.
Segurola-Barrenetxeak eta Ansa-Aizpuruk garaipen ikusgarriak lortu dituzte
Segurola eta Barrenetxea IV.ak 40-14 irabazi zioten Juanenea-Larrañaga bikoari eta Ansa II.a-Aizpuru III.ak 40-35 Urriza eta Labakari
Pala Ligako laugarren jardunaldia jokatu da
Ibarguren-Ibargaray bikoa 3-2 nagusitu zitzaion Necol-Gordon bikoteari eta Fusto-Urrutia bikoteak 3-0 irabazi zuen Gaubeka eta Del Rioren kontra
Axier Arteaga, Promozio Mailako Buruz Buruko txapeldun
Lasartearrak bigarrenez irabazi du Promozioko Buruz Burukoa, Aitor Elordi mallabitarrari nagusitasunez irabazita (12-22)