EUSKAL PILOTA
Emakumeen Esku-pilotako IV. Bizkaia Txapelketa azken txanpan sartu da
Pasa den martxoaren 18an hasi zen emakumezkoen Bizkaia eskupilota Torneoaren laugarren edizioa dagoeneko azken txanpan dago.
Antolatzaileen arabera, txapelketa honetan behintzat, zortzi emakume kirolari hauek ez dute jokatu zaletasunagatik eta pasioagatik bakarrik. Izan ere, erakundeen ardura da bermatzea Bizkaiko emakume kirolariek lan-baldintza egokiekin jokatu ahal izatea. Emakumeak kirolean aritzeko eragozpenak ezabatu behar dira; pizgarriak eman behar dira emakumeek kirolean jarduteko eta, are gehiago, profesional modura jokatzeko, kasu honetan esku-pilotan.
Txapelketan aritu diren lau bikoteak honako hauek izan dira: Aldai eta Mendizabal; Arrizabalaga eta Agirre; Garai eta Gaminde; eta, azkenik, Larrarte eta Oses.
Lehenengo jardunaldi horren ondoren, martxoaren 25ean Zallan eta apirilaren 1ean Zierbenan jokatu ziren hurrengo saioak. Hilaren 8an berriz, finalerdien txanda izan zen, non Aldai-Mendizabal vs. Larrarte-Oses eta Garai-Gaminde vs. Arrizabalaga-Agirre partidak lehiatu ziren.
Lehen finalerdian, Aldai-Mendizabal bikoak 22-8 irabazi zien Larrarte eta Osesi. Amaia Aldaik jokaturiko partida bikainari esker garaipen erosoa lortu zuten ezer gutxi egin ahal izan zuen bikote gipuzkoarraren aurka.
Bigarren finalerdian, Garai-Gaminde bikoa Arrizabalaga eta Agirreren aurka nagusitu zen (22-8) hasi eta buka menperatu zuen norgehiagokan.
Azkenean beraz, finala datorren larunbatean, apirilak 23, jokatuko da, bertan Aldai eta Mendizabal Arrizabalaga eta Agirreren kontra lehiatuko direlarik, Bizkaia frontoian. Hirugarren eta laugarren postuetarako partida Garai – Gaminde bikoteak eta Larrarte – Oses bikoteak jokatuko dute, arratsaldeko 15:15ean.
Partidak ikusteko sarrerak Bizkaia frontoiko leihatilan egongo dira salgai hiru euroan. Emakumeen Esku-pilotako IV. Bizkaia Txapelketako finala zuzenean emango du ETB 1ek.
Juanenea eta Endika sailkatu dira finalerdirako
Juaneneak 29-30 irabazi zion Endikari eta horrenbestez biak izango dira finalaurrekoan. Barrenetxea aldiz, kanporatua izan da
II. San Migel Xare Txapelketako lehenengo jardunaldia jokatu da
Bi partida jokatu ziren: Driolet-Moncadak 40, Larronde-Algaranondo 36 eta De Paredes-Borteyru II 40, Borteyru III-Sistiage 29.
Janire San Sebastianek eta Naiara Fernandezek irabazi dute emakumeen II. pala txapelketa
Alaia Azkuek eta Kistiñe Astigarragak osaturiko bikoteari 22 eta 18 irabazita, Odieta pilotalekuan jokatutako finalean