EUSKAL PILOTA
Emakume Master Laboral Kutxa-EiTB torneoa jokatu da igandean Berrizen
Emakumeen esku pilotak beste hitzordu garrantzitsu bat izan du urtea amaitu aurretik, Laboral Kutxa EITB Master jaialdia jokatu baita igandean, abenduak 29, Berrizeko udal pilotalekuan
Emakume Master CUPek izan zuen sonaren harira, urtea bukatzeko koadroko pilotari onenak aritu dira Berrizen, Laboral Kutxa EITB Master jaialdian, goizeko hamabietatik aurrera. Lau t’erdian, Leire Garai nagusitu zaio Mirian Arrillagari eta pilota goxuko binakako neurketan Agirre-Etxaniz bikoteak lortu du garaipena.
Hirugarren urtea izan da honakoa Emakume Master Cup txapelketa antolatzen dutela, eta emaitzak oso onak izan direla begi-bistakoa da. Emakumeen esku pilotak hazten jarraitzen duela ikusi da. Pilotariek gero eta maila hobea dute eta gainera parte-hartze markak hautsi dira aurten, guztira 92 pilotari izan baitira lehian.
Honen haritik, Laboral Kutxa EITB Master txapelketaren bigarren edizioari ekin diote pasa den asteburuan, jaialdiaren helburua Emakume Master Cup lehiaketako pilotaririk onenak biltzea izan delarik, baina tamalez Miren Larrarte eta Patri Espinar Lau eta Erdiko finalistek ezin izan dute jokatu. Gipuzkoarra eskua minduta dauka eta ta Usansolokoa kanpoan da bidaia batean. Hala ere, goi mailako pilotariek parte hartu dute Berrizen lehiatutako txapelketan.
Bideoa: eitb.eus
Jaialdia lau terdiko neurketa batek ireki du, eta bertan Miriam Arrillaga, pilota mistoarekin txapeldun irten berri den pilotaria, eta Leire Garai neurtu dira. Partida honetan ezustea egon da eta aldez aurretik faboritotzat jotzen zena, Miriam Arrillaga alegia, 22-16 galdu egin du Leire Garai arabarraren aurka. Hasiera-hasieratik hartu du gainera Garaik partidaren ekimena, kantxan eroso sentitzea kosta izan zaion aginagarraren aurka. Lau eta erdiko finalerdian ez bezala, ongi mugitu zuen pilota gasteiztarrak, eta Arrillagak ez zuen bere egunik onena izan.
Ondoren, binakako partidan, Iera Agirre-Leire Etxaniz eta Olatz Arrizabalaga-Maite Ruiz de Larramendi izan dira elkarren aurka jokatu dutenak eta Agirre-Etxaniz osatutako bikoteak Arrizabalaga-Ruiz de Larramendiri irabazi dio 22 eta 11. Hemen ere, hasieratik hartu zuten irabazleek partidaren aginte makila eta kasu honetan aldeak handitu baina ez ziren egin neurketak aurrera egin ahala, hutsek baldintzatutako partida arraro batean (urdinek 19 huts egin zituzten, 13 Arrizabalagak eta 6 Maite Ruiz de Larramendik).
Eta urte berriari begira, hurrengo binakako Master Cup txapelketarako izen emate epea zabalik dago jada, urtarrilaren 10era arte. Aurten bezala bi maila izango dira, pilota goxoa eta pilota mistoa, eta izena banaka eman behar da, gero antolakuntzak osatuko dituelako bikote ahalik eta orekatuenak.
Lehenbizikoz pilota mistoa erabili dute aurtengo txapelketan (hogei emakumek erabaki zuten pilota mistoarekin jokatzea) eta hurrengo urteari begira segida ematea erabaki du antolakuntzak, izan ere ziurrenik etorkizuna marraztuko duen modalitatea baita honakoa.
? Laboral Kutxa EiTB Master
⚾️ #pelotavasca
▶️ VÍDEO
?️ La segunda edición se ha disputado en Berrizhttps://t.co/vWFyrRDzZ1 #eitbkirolak #pilotaEITB— EiTB Kirolak (@eitbkirolak) December 29, 2019
.
Airean dago Emakume Master Cup Txapelketa
Antolakuntzako kideak baikor daude, kontutan izanda bi egun lortu behar dituztela besterik ez txapelketa amaitzeko eta denbora tartea egon badagoela
“Pilotarion esku dago euskal selekzioaren ofizialtasuna”
Duela bi urte espainiarekin jokatzeari uko egin zioten Inhar Ugarte, Asier Aspuru eta Ehki Ziarrusta pilotariekin solasean
Ezkurra II-Zubirik 40-39 irabazi diete Goikoetxea V.a eta Aizpuru III.ari
Partida honen ondotik itxi egin dute Galarreta pilotalekua eta bertan behera gelditu da Sagardoaren Txapelketa