ERRUGBIA
Eliteko errugbiarekin loturiko azken erabakiak
Goi mailako euskal errugbi taldeen azken sailkapenei buruzko erabakiak hartu dira
Hegoaldeko taldeei dagokionez, pasa den ostegunean Espainiako Errugbi Federazioak pandemiaren eraginagatik geldirik zeuden lehiaketen etorkizuna erabakitzeko bildu zen eta aurtengo txapelketa guztiak bertan behera uzteko deliberoa hartu zuen.
Gizonezkoen Ohorezko Kategoriako zein Ohorezko B kategoriako Ligak amaitutzat ematen dira eta martxoaren 13an indarrean zeuden sailkapenak bere horretan mantentzen dira.
Erabaki honek Euskal Herriko bi taldeei eragiten die zuzen-zuzenean: Hernani B Mailara jaitsiko da eta Getxo aldiz Ohorezko Mailan arituko da hurrengo urtean.
Getxo Errugbi Taldea A multzoko lehenengo postuan zegoen lehiaketa eten zenean, eta Ohorezko mailara igotzea lortu du bere kategorian zeuden hiru taldeen liderren artean bera delako jasotako eta egindako puntuen artean batazbesteko onena duena: Getxo 789, Les Abelles 772 eta Jaen Rugby 627.
Tamalez, Getxok CRE Hernaniren lekua hartuko du Ohorezko Mailan, hernaniarrak izan baitira aurten kategoria galdu dutenak, lehiatutako 17 jardunaldien ondoren azkeneko postuan zeudelako. Azkeneko igoeratik zortzi urte betetzen ziren honetan, Hernaniko taldeak kategoria galdu du beraz eta Ohorezko B Mailan arituko da hemendik aurrera.
Horrenbestez, datorren denboraldian ere, Euskal Herriko bi talde arituko dira Ohorezko maila nagusian: Ordizia eta Getxo.
Emakumezkoen Ohorezko B Mailan berriz, Avia Eibar zen aurrenekoa etenaldia gertatu zenean. Hala ere, liga nagusira igotzeko azken kanporaketa bat jokatu beharko du, Federazioak halaxe erabakita.
Momentuz datarik ez da zehaztu eta pairatzen ari garen egoeraren bilakaeraren arabera erabakiko da aurrerago. Modalitatea play-off kanporaketa izango da, Eibarren aurkariak honakoak izango direlarik: Les Abelles, Hortaleza eta Sant Cugat. Finalerdiak eta finala jokatuko dira eta irabazlea zuzenean igoko da. Txapeldunordeak ordea, kanporaketa jokatuko du Iberdrola Ligako azken-aurrekoaren aurka: L’Hospitalet.
Iparraldeko eliteko Errugbi taldeei dagokionez, Frantziako Errugbi Ligak erabaki du denboraldia bertan behera uztea eta hortaz ez dira gehiago lehiatuko aurten.
Etenaldiaren momentuan, Baionako Aviron taldea Top 14ko sailkapenean bederatzigarren postuan zegoen, jeitsiera postuetatik urruti. Miarritzeko Olympique taldea aldiz, seigarrena zen Pro D2 kategorian, ezerezean geratu den igoera kanporaketari heltzeko aukerak zituela oraindik.
Baionako Aviron – London Irish, urtarrilaren 11n
Euskal errubgiaren festa izango da, Hegoaldeko eta Iparraldeko errugbi taldeen presentziarekin
[BIDEOA] EBRC ~ Euskal Errugbi Liga. Finalaren laburpena
Euro Basque Rugby Challenge ~ Euskal Errugbi Ligako finaleko bideo laburpena. Ordizian jokatu zen, 2019ko irailaren 7an. Txapelduna: Baionako Aviron!
Baionako Avironek irabazi du Euskal Errugbi Liga
Euskal Errugbi Ligako finaleko bi partiduen emaitzekin, Biarritz 10-17 Aviron eta Ordizia 50-7 Anglet, Baionako Aviron taldea dugu txapelduna!