MENDI LASTERKETAK
Ehunmilako hiru probak 2022ra arte atzeratu dira
Ehunmilak lasterketaren antolatzaileek 2022ra atzeratu dute hurrengo edizioa
Pasa den martxoan, aurten Ehunmilak probarik lehiatuko ez zela jakinarazi zuten antolakuntzatik. Ehunmilak Ultra-Trail, Goierriko2Haundiak eta Marimurumendi maratoia bertan behera gelditu ziren beraz Covid19 gaitzak eragindako egoeraren ondorioz. Halaber, ohiz kanpoko egoera baten aurrean egonik eta araudia alde batera utzita, korrikalariei izen-ematearen %100a itzuliko zietela gaineratu zuten.
Oraingoan beste horrenbeste egin dute 2021eko edizioarekin, korrikalarien eta bolondresen segurtasuna eta lehiaketaren kalitatea bermatu ezin direla ikusita.
Ehunmiliak mendi lasterketan izena emateko epea ireki ohi zuten urte sasoi honetan, baina antolatzaileek adierazi dute mediku taldearen gomendioei jarraitu dietela egungo ziurgabetasun egoeran, eta, segurtasunik bermatu ezin dutenez, arriskurik ez hartzea erabaki dutela.
Hortaz, 2021. urtean ez dute egingo ohiko hiru probetako bat ere: Ehunmiliak ultratraila, Goierriko 2 Handiak eta Marimurumendi maratoia bertan behera utziko dituzte, hurrengo urtean berriz egiteko asmoz.
Jakina denez, Ehunmilak bezalako proiektu batek milaka pertsona biltzen ditu, zaleak, korrikalariak, haien senideak, boluntarioak, osasun-langileak eta teknikariak, besteak beste. Gainera, eremu zabala hartzen duen proba da, eta zaila eta konplexua izango litzakete pertsona horien guztien osasunean eragina izan dezaketen aldagai guztiak eraginkortasunez identifikatzea eta kontrolatzea.
Izan ere, pandemiak hor jarraitzen du, bere gorabeherekin, eta, itxura guztien arabera, ez dirudi epe motz-ertainean konponduko denik. Horren aurrean, antolakuntzak uste du hobe dela proiektu bat ez antolatzea, antolatu eta, azkenean, bertan behera utzi behar izatea baino.
Dena den, ez dute amorerik eman eta 2022an proba bueltatuko den esperantzarekin lanean jarraituko dutela azaldu dute.
Ehunmilak lasterketa
Ehunmiliak, Gipuzkoako Goierri, Tolosaldea, Urola Garaia, Urola Erdia eta Debagoiena eskualdeetako mendiak zeharkatzen dituen ultra-trail lasterketa bat da. 2010ean sortu zen eta hasiera nahiz helmuga Beasain udalerriko plaza nagusian daude.
Lasterkariak ibilbide osoan dauden kontrol-gune bakoitzetik igarotzen dira, Aralar eta Aizkorri mendilerroetan barna. Lasterketako punturik garaienak honakoak dira: Txindoki (1.346 m), Ganboa (1.402 m), Aizkorri (1.528 m), Erlo (1.026 m), Izazpi (967 m) eta Hernio (1.075 m).
Ehunmiliak lasterketaz gain beste bi ere jokatzen dira asteburu berean.
Goierriko Bi Haundiak: 88 kilometrotakoa da eta Ganboa eta Aizkorri mendiak igotzen dira.
Marimurumendi: maratoiaren luzera dauka. 2015 urtean izan zuen aurreneko ekitaldia.
Iazko edizioa
Urteurren borobila izan zen Ehunmilak festarena, hamargarrena, errekorren urtea izan baitzen 2019a, honako markak hautsi zirelarik:
Larunbatean, Goierriko Bi Handiak (88 kilometro) lasterketaren irabazlearekin batera, 09:01ean, hasi zen errekor festa. Berastegiko Jon Azpiroz (10:01:51), 2016an Dani Agirrek (10:09:47) egindako denbora 8 minutuan hobetu baitzuen. Emakumezkoetan ere bigarren errekorra iritsi zen, Uxue Frailerekin (12:11:21). 2015ean Silvia Triguerosek (12:15:34) egindako denbora lau minutuan gainditu zuen.
168 kilometroko Ehunmilak ultra trailean Jon Aizpuruk (22:21:54) Dominguezen marka 9 segundoan hobetu zuen eta emakumezkoetan, Ewa Majer poloniarrak, 2011n Nerea Martinezek jarritako errekorra (28:00:56) 19 minutuan hobetu zuen (27:41:47). Taldekako proban ere errekorra jarri zuten Ixaka Oñederra, Imanol Aleson eta Julian Murcillok.
Pablo Benito Garciak eta Montserrat Sanchez de las Matasek irabazi dute Gasteizko Maratoia
Bi urteko etenaldiaren ondoren, 2.500 lasterkari aritu ziren Vitoria-Gasteiz Martin Fiz Maratoian
Eneko Gurrutxaga eta Ainara Pequeño, Aiako I. Mendi Duatloiaren irabazleak
EHko mendi lasterketen zirkuituaren sailkapen nagusiaren buruan Iñaki Isasi eta Enara Oronoz daude
Skyrace des Matheysins mendi lasterketan aritu da Euskal Selekzioa
Mayi Mujika seigarren postuan helmugaratu zen emakumezkoen lehian eta Aitor Ajuria hamabigarren gizonezkoetan