EUSKAL PILOTA
Ehun urteren bueltan xareari gorazarre egingo diote Iruran
Argazkia: ataria.eus
Ehun urteren bueltan xareari gorazarre egingo diote Iruran
Irura eta xarearen arteko loturak ehun urte bete dituela eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, tartean goi mailako partidak.
Jakina denez, xarea ipar euskal herrian sorturiko pilota jokoaren espezialitateetako bat da, tenisko erraketaren antzeko tresna batekin trinketean bikoteka jokatzen dena. Xarea kirol berezia da herrian, Irurako ondare izatera iritsi delarik, eta hartara mendeurrena ospatzeko ekitaldiak antolatu dituzte.
Egitarauan, abenduaren 14a izango da egun nagusia, arratsaldean egun ikusi daitekeen maila altueneko xare partidak jokatuko direlarik Irurako trinketean. Iparraldeko lehen maila liga jokoan da, eta abenduaren 21ean izango da finala. Iruran, finalerdiak jokatuko dituzte abenduaren 14ea, beraz munduko zortzi xarelari onenak izango dira bertan.
Xarearen eta Iruraren arteko harremanean bilakaera bat izan da 100 urte hauetan, eta mugarri batzuk ere izan dira. Xareak Irurarekin izan zuen lehen harremana, 1919. urtean gertatu zen, nahiko modu kuriosoan. Xarea Irurara ez zen Iparraldetik iritsi, Ipar Ameriketatik baizik. Joxe Jauregi apaizak bisita bat jaso zuen Iruran, Ameriketatik etorri zen ilobarena, eta hark ekarri zuen xarea eta berak erakutsi zion jokoa nola zen eta baita xareak nola egiten ziren. Bien artean egin zituzten xare batzuk, eta Jauregi herriko haurrak jarri zituen jolas horretan praktikatzen elizaren arkupean.
Gerora, 1936ko gerraren garaian geldiune bat izan zen, 50eko hamarkada arte iraungo zuena eta galtzear egon zen xarea, baina 70eko hamarkada hasieran Donostian Munduko Txapelketak izan ziren eta herrikoa den eta gaur egun xare egilea dugun Jesus Mari Arsuagak bisita egin zion Joxe Ameztoiri, orduan xareak egiten zituen bakarra, eta xareak egiten ikasi zuen. Hamarkada horretan jolas izatetik joko izaterako, lehia izaterako, saltoa eman zuen xareak Iruran, eta nazioarteko txapelketetan parte hartu zuten Irurako pilotariek. Hurrengo mugarriak 1986 eta 1987 urteetan kokatuko ditugu. Ordura arte elizaren arkupea zen joko eremua, eta 1986 urtean eraiki zen gaur egun erabiltzen den trinketa, eta 1987an Ametsa Pilota Elkartea, xare eskola dena, sortu zen. Jauzi kualitatibo bat eman zen eta fruituak berehalakoak izan ziren, maila oso ona zeukaten pilotari dezente sortu zirelako, eta nazioarteko txapelketetan izugarrizko emaitzak lortu zirelako. Ordutik, eta ehun urtez harilkatutakoari segida emanez, Irura eta xarearen arteko lotura bizi-bizirik darrai.
Xareari aitortza Iruran: xareak Iruran 100 urte egin dituela eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte herriko eragileek https://t.co/xzi8CwxUnt
— Tolosaldeko Kirolak (@TolosaldeaKirol) December 5, 2019
Egitaraua
Abenduak 9, astelehena
18:00-20:00. Argazki erakusketaren irekiera ekitaldia, plazako herri-eskolako aretoan.
Abenduak 12, osteguna
18:00-19:00. Argazki erakusketa, plazako herri-eskolako aretoan.
19:00. Irura eta xarea lehen eta orain mahai ingurua, plazako herri-eskolako aretoan. Parte hartzaileak: Jesus Mari Arsuaga, Iñax Iturbe, Joxi Lopetegi eta Mikel Uzkudun.
Abenduak 13, ostirala
18:00-20:00. Argazki erakusketa, plazako herri-eskolako aretoan.
Abenduak 14, larunbata
10:30-12:30. Argazki erakusketa eta xare eta pilotak egiteko tailerrak eta azoka, plazako herri-eskolan.
10:30-12:30. Xareko ikasleen topaketak.
12:30-13:30. Xare eskolako ikasleen arteko pilota partidak elizako arkupean.
16:00. Iparraldeko ligako lehen mailako finalerdietako lehen partida. 17:00ak aldera, bigarren finalerdia.
Ondoren. Udaberri dantza taldearen emanaldi berezia. Oroigarrien banatzea, munduko txapelketetan parte hartutako Irurako pilotariei edo haien sendikoei, eta Ametsa Pilota Elkarteari. Jarraian, herri afaria eta erromeria.eus-ekin dantzaldia.
Astelehen honetan hasiko da Sagardoaren Txapelketa
Aurtengo edizioa berezia izango da kirola eta telebista uztartuko baitira, ETB1n astelehenero ERREMONTARI saioa izango delarik
Apirilaren 10ean hasiko da Emakumezkoen Larruzko Pilotako III. Bizkaia Paleta Txapelketa
Sei bikotek jokatuko dute txapelketa apirilaren 10ean, 17an eta 24an, eta apirilaren 30ean, finala jokatuko da
Ion Izagirrek irabazi du Itzuliko laugarren etapa
Azken esprintean, Pello Bilbaori gutxigatik nagusitu ondoren