EUSKAL PILOTA
Donostiako Grand Slam zesta-punta txapelketako finalerdiak jokatu dira
Pasa den asteartean, azaroak 24, hasiera eman zitzaion Donostiako Grand Slam zesta-punta txapelketari, finalaurdenak jokatu zirelarik Karmelo Balda pilotalekuan.
Txapelketako aurreneko jardunaldi horretan honako norgehiagokak egon ziren: lehenengo lehian, Zuloaga eta Zabalak ezustekoa eman zuten eta Antxon-Aldazabal bikoteari 15-10, 6-15 eta 5-4 irabazi zioten, finalerdira sailkatuz. Bigarren finalaurdenean, Arbe eta Urtasun faboritoek ez zuten hutsik egin eta garaipena eskuratu zuten Aaron eta Izagirreren aurka (15-7 eta 15-7).
Gauzak horrela, iragan ostiralean, azaroak 27, txapelketako finalerdiak lehiatu ziren, arratsaldeko 17:00tan hasita: Beaskoetxea-Del Rio vs Zuloaga-Zabala eta Hormaetxea-Manci vs Arbe-Urtasun.
Aurreneko finalerdian, Diego Beaskoetxea eta Julen Del Riok Zuloaga-Zabala bikoteari irabazi zioten, 15-7 eta 15-8. Partida osoan zehar nagusi izan zen bikote garailea, Beaskoetxeak aurrealdean ondo asmatu zuen eta Del Riok atzekaldetik pilotakada ederrak eman zituen.
Bigarren finalerdia oso orekatua eta emozioz beterikoa izan zen, hiru jokoetara joan zirelarik pilotariak (5-15, 15-14 y 5-4). Arbe eta Urtasun ezustekoan hartu zituzten aurkariak lehenengo jokoan eta 5-15 irabazi zuten, norgehiagokan aurrea hartuz. Bigarren jokoa oso orekatua joan zen zazpigarren tantotik aurrera, eta azkenean puntu bakarreko aldeaz bada ere Hormaetxea-Manci bikoteak eskuratu zuen garaipena.
Berdinketa hausteko hirugarren seta jokatu behar orduan eta hau ere zirraragarria izan zen. Launa berdinduta zeudela, hil ala bizi jokatu behar eta honakoan garaipena Hormaetxea eta Mancisidorren alde erori zen.
Hartara, bi finalerdien irabazleek, Beaskoetxea-Del Rio eta Hormaetxea-Mancisidor, txapelketako final haundia jokatuko dute abenduaren 4an, arratsaldeko 18:00tatik aurrera. Ordubete lehenago hirugarren posturako lehia egongo da finalerdien galtzaileen artean. Pilota jaialdi hau ateak itxita jokatuko da, COVID19 gaitzak sorturiko pandemiari aurre egiteko ezarritako neurriak direla eta, baina final haundia ETBn ikusteko aukera egongo da.
Donostiako Grand Slam Txapelketa
Guztira sei bikote aritu dira aurtengo txapelketan, bi multzotan banatuta:
A Taldea: Beaskoetxea –Del Rio, Antxon-Aldazabal eta Zuloaga-Zabala
B Taldea: Hormaetxea- Manci, Arbe-Urtasun eta Aaron-Izagirre
Hastear da Sagardoaren Erremonte Txapelketako hamargarren edizioa
Ostegun honetan hasi eta maiatzaren 9an amaituko den aurtengo edizioan, orotara zortzi bikotek hartuko dute parte
Erabakita gelditu dira Emakume Master CUPeko finalerdiak
Pilota goxoko finalerdiak martxoaren 8an jokatuko dira Beasainen eta mistokoak martxoaren 14an Elgoibarren
Infantil nesken mailako historiako lehen txapelak lortu dituzte Isasa eta Mendizabalek
Historian lehen aldiz jokatu dute Infantil mailako neskek xareko lehiaketa ofizial batean, 2020ko Gipuzkoako Txapelketan