EUSKAL PILOTA/XAREA
Bultzada berri bat xareari eta emakumeen kirolari
Une historiko berri bat emango da Irurako Ametsa trinketean, izan ere, infantil mailako neskek jokatuko dute historian lehen aldiz, xareko lehiaketa ofizial batean
Xarea kirol berezia da herrian, Irurako ondare izatera iritsi delarik, eta hartara mendeurrena ospatzeko ekitaldi ezberdinak antolatu zituzten abenduan.
Maila altueneko xare partidak jokatu ziren, Iparraldeko lehen mailako finalerdiak lehiatu baitziren iruran, hartara munduko zortzi xarelari onenak izan zirelarik bertan.
Xarearen eta Iruraren arteko harremanean bilakaera bat izan da 100 urte hauetan, eta mugarri batzuk ere izan dira. Xareak Irurarekin izan zuen lehen harremana, 1919. urtean gertatu zen, nahiko modu kuriosoan. Xarea Irurara ez zen Iparraldetik iritsi, Ipar Ameriketatik baizik, Joxe Jauregi apaizak bisita bat jaso zuenean, Ameriketatik etorritako ilobarena alegia. Hari esker jakin zuen Argentinako euskaldunak xare zeritzon modalitatean aritzen zirela. Apaiza pilotazale amorratua izan, baina ez zuen modalitate horren berri. Horrela, elkarrekin xareak egiten hasi ziren, baita joko horretarako pilotak ere. Irurako gazteak elizako arkupeetan hasi ziren pilota modalitate horretan, iruratarren artean finkatzeraino. Ezin dugu ahaztu, Jose Jauregik neska talde bati erakutsi zizkiola jokoaren nondik norakoak; horregatik izan da Irura neska-mutil profesional askoren harrobi.
Gerora, 1936ko gerraren garaian geldiune bat izan zen, 50eko hamarkada arte iraungo zuena eta galtzear egon zen xarea, baina 70eko hamarkada hasieran Donostian Munduko Txapelketak izan ziren eta herrikoa den eta gaur egun xare egilea dugun Jesus Mari Arsuagak bisita egin zion Joxe Ameztoiri, orduan xareak egiten zituen bakarra, eta xareak egiten ikasi zuen.
Hurrengo mugarriak 1986 eta 1987 urteetan kokatuko ditugu. Ordura arte elizaren arkupea zen joko eremua, eta 1986 urtean eraiki zen gaur egun erabiltzen den trinketa, eta 1987an Ametsa Pilota Elkartea, xare eskola dena, sortu zen. Jauzi kualitatibo bat eman zen eta fruituak berehalakoak izan ziren, maila oso ona zeukaten pilotari dezente sortu zirelako, eta nazioarteko txapelketetan izugarrizko emaitzak lortu zirelako.
Oraingoan urrats berri bat emango da gaur larunbata, urtarrilak 11, 15:30ean hasiko delako Irurako Ametsa trinketean infantil eta kadete mailako Gipuzkoako xare txapelketa eta bertan Infantil mailako nesken partida batekin emango zaio hasiera txapelketari.
Une historikoa izango da, lehen aldiz jokatuko baitute neskek xarezko txapelketa ofizial bat. Ametsa Pilota Elkarteko hiru taldek hartuko dute parte txapelketan, eta lehen partida hori jokatzeko ohorea, Nora Galartza-Irati Fernandez eta Matxalen Mendizabal-Maider Isasa, bikoteei egokitu zaie. Hirugarren bikotea, Nora Goenaga-Nahia Gorriti izango da.
Segidan, infantil mailako mutilen partida izango da, Ametsa 4(Galartza II-Aristi)/Ametsa 2( Yarza-Heras).Eta ondoren, kadete mailako bi partida izango dira: Ametsa 1(Huarte-Itoitz)/ Ametsa 3(Montero-Yeregi) eta Ametsa 4(Mendizabal-Mujika)/ Ametsa 5(Zabalegi-Isasa ).
Igandean, 17:00etan, jokatuko da infantil mailako falta den partida, Ametsa 1(Bernal-Lopetegi)/Ametsa 3(Mendiluze-Maiza) bikoteen artekoa.
[KOMUNITATERA IGOA]https://t.co/8sggcCYR4m
— Tolosaldeko Ataria (@tolosaldeataria) January 10, 2020
Goikoetxeak eta Barrenetxeak bigarren garaipena lortu dute
40-25 irabazi zieten Segurola eta Larrañagari pasa den larunbatean, Binakako Txapelketako seigarren jardunaldian
Banakako zesta-punta txapelketako lehen bi jardunaldiak lehiatu dira
Basquek, Goixerrik, Cosmek eta Ladutxek irabazi dute eta hurrengo fasera sailkatu dira
Unai Alberdik Euskal Herriko Lau eta Erdiko Elite Txapelketa irabazi du
ILUNPE klubeko pilotari gipuzkoarrak 22-13 irabazi zion OBERENA klubeko Canabali final ikusgarri batean