EUSKAL PILOTA
Bizkaia 2 taldeak irabazi du Euskal Herriko Bote Luzeko txapelketa
Larunbat honetan goizeko 10:00etan hasita, Itsasuko Elizaldeko Pentsean zelaian jokatu dira 2020ko Euskal Herriko Bote Luzea txapelketako finalerdiak eta finala. Azken hiru asteetan ezin izan dira finalerdiak jokatu eguraldia dela eta, horregatik, asteburu honetan finalerdiak eta finala egun berdinean jokatzea erabaki da.
Irailaren 5-6ko asteburuan hasi zen aurtengo Euskal Herriko Bote Luzea txapelketa. Guztira Euskal Herriko 4 lurraldetako 7 taldek hartu dute parte bosgarren edizio honetan: Iparraldeko 4 (Lapurdiko 3 talde eta Nafarroa Behereako talde bat), Bizkaiko bi eta Gipuzkoatik bakarra.
Txapelketa bi multzotan antolatu da:
A MULTZOA: Bizkaia 1, Gipuzkoa, Iparralde (Senpere 2) eta Iparralde (Amikuze)
B MULTZOA: Bizkaia 2, Iparralde (Senpere 1), Iparralde (Itxasuarrak)
Behin ligaxka amaituta eta emaitza guztiak kontutan hartuta, honela gelditu zen sailkapena:
A MULTZOA
Bizkaia 1, 6 puntu
Iparralde-Amikuze (Nafarroa Beherea), 5 puntu
Gipuzkoa, 4 puntu
Iparralde-Senpere 2 (Lapurdi), 3 puntu
B MULTZOA
Bizkaia 2, 4 puntu
Iparralde-Senpere 1 (Lapurdi), 3 puntu
Iparralde-Itxasuarrak (Lapurdi), 2 puntu
Liga faseko 3 jardunaldiak jokatu ostean beraz, multzo bakoitzeko lehen bi talde onenak aurrera egin zuten, finalerdietara Bizkaiko bi taldeak eta Iparraldeko Senpere 1 eta Amikuze taldeak iritsi zirelarik.
Esan bezala, larunbat honetan, 10:00etan hasita jokatu ziren Itsasun finalerdiak. Aurreneko norgehiagokan, bizkaiko taldea nagusitu zen: Bizkaia Bi 9 – Amikuze 5. Bigarren finalerdian ere bizkaitarrek lortu zuten garaipena: Bizkaia Bat 11 – Senpere Bat 1.
Bizkaitarrak ziren faboritoak finalerako sailkatzeko eta ez zuten hutsik egin, handik gutxira, eguerdiko 12:30ak inguru, haien artean jokatu zutelarik final haundia.
Azkenean, 2020ko E.H-ko Bote Luzea Txapelketako talde txapelduna BIZKAIA 2 izan da, finalean Bizkaia 1 taldeari erraz nagusituta (12-2).
Bote luzea
Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago.
Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da.
Abian da zesta-puntako udako sasoia Euskal Herrian
Sailkapen Serieak lehiatuko dira uztailaren 15era arte, zazpi Miarritzen eta bat Donibane Lohitzunen
Indarberrituta eta berrikuntzaz josia dator aurtengo Plazandreak
Bigarren edizioa ekainaren 21ean abiatuko da, bederatzi pilotari arituko direlarik hiru entrenatzaileren esanetara
Plazaz Plazako jardunaldia jokatu zen igandean Otxandion
Emaitza: Ainhoa Ruiz de Infante-Olatz Ruiz de Larramendi 19 / Olatz Arrizabalaga-Ane Mendiburu 22