PILOTA/EUSKAL SELEKZIOA
Bixintxo Bilbao zigortuta, Munduko Txapelketan ikurrina ateratzeagatik
Urtebeteko zigorra Bilbaori, Munduko Txapelketan ikurrina ateratzeagatik
Nazioarteko Pilota Federazioko Diziplina Batzordearen arabera, «arau hauste larria da baimendu gabeko bandera bat atera izana»
2018ko urriaren 20a. Bartzelonako Vall d’Hebron pilotalekua. Munduko Txapelketako binakako trinketeko finala amaitu berri da. Frantziako selekzioak irabazi du urrezko domina, finalean Mexiko 2-0 mendean hartuta. Bixintxo Bilbao, Mathieu Ospital, Peio Gixandut eta Peio Larralde dira Frantziako selekzioko kideak. Euskal herritarrak dira guztiak. Denak igo dira podiumeko koska gorenera, eta urrezko domina kolkoratu dute. Bilbaok ikurrina atera du, eta eskuetan izan du ekitaldia amaitu arte.
Lau hilabete geroago jaso ditu Bilbaok ekintza horren ondorioak. Nazioarteko Pilota Federazioko Diziplina Batzordeak urtebetean nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko debekua ezarri dio pilotari ziburutarrari. Nazioarteko Pilota Federazioko Diziplina Batzordearen arabera, «larria» da Bilbaok egin zuen arau haustea. Izan ere, araudiaren arabera, «ezin da baimenduta ez dagoen banderarik atera dominak jasotzean».
Nazioarteko Pilota Federazioko Diziplina Batzordeak joan den azaroaren 29an erabaki zuen Bilbaori espedientea irekitzea. Horren berri eman zion pilotariari, baita hilabeteko epea eman ere, alegazioak aurkezteko. Diziplina Batzordearen arabera, Bilbaok ez zuen alegaziorik aurkeztu. Beraz, urtarrilaren 9an, batzordeak zigor hau proposatu zuen: urtebetez nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko debekua; Frantziako Pilota Federazioak Munduko Txapelketan aritzeko jarritako bermea hartzea; eta Frantziako Federazioari jakinaraztea etorkizunean berriz ere halakorik gertatuz gero, Frantziako Federazioari zigorra jar ziezaiokeela. Jarraian, horren berri eman zion Bilbaori eta Diziplina Batzordeko hiru kideei: Pilar Muñoz Soriari, Alejandro Arias Alvarezi eta Ignacio Gomez Graciari.
Jokatzen jarrai dezake
Behin proposamena jasota, Diziplina Batzordeak bilera egin zuen joan den astezkenean. Hara joateko deia egin zioten Bilbaori, zigorraren aurrean defenditu nahi bazuen. Baina batzordearen arabera, pilotariak uko egin zion bilerara joateari. Beraz, batzordeko hiru kideek sinatu egin zuten zigorra, eta balioa eman zioten. Bilbaok hilabeteko epea du orain helegitea aurkezteko. Ikusteko dago aurkeztuko duen edo ez. Ziburutarrak, hala ere, jokatzen jarrai dezake, zigorra Nazioarteko Pilota Federazioak antolatutako txapelketetarako baita.
Laxoa txapelketako bi jardunaldi jokatu dituzte asteburuan
7. eta 8. jardunaldiko partidak lehiatu zituzten, ostegunetik hasita igandera bitartean
Urrezko aizkolari zein harrijasotzaileen finalak jokatu dira Azpeitian
Arrutik eta Alberdik, aizkoran, eta Gisasolak eta Eizmendik, harria jasotzen, jantzi dute txapela
Oihane Perez eta Ugaitz Artolak irabazi dute Euskal Herria Mendi Erronka
Erreleboka Hodei Lujanbio eta Oihana Zubillaga nagusitu ziren