EUSKAL PILOTA
Binakako Txapela jantzi dute Urrizak eta Larrañagak
Momentu egokian bere onena emanda, Binakako Txapela jantzi dute Javi Urrizak eta Iban Larrañagak
Javi Urriza ez zen bere partidarik onena jokatzen ari, baina agertu behar zuenean agertu zen, txapeldun haundien gisara. Zortzi tanto atzetik egon eta gero, neurketari buelta eman, eta Larrañagarekin batera 40-37 irabazi zieten Matxin III.ari eta Barrenetxea IV.ari. Txapela,horrenbestez, haientzat izan zen.
Bideoa: eitb.eus
Javi Urrizak eta Iban Larrañagak irabazi dute erremonteko Binakako Txapelketa larunbatean Galarreta Pilotalekuan, finalean Matxin III.a eta Barrenetxea IV.a 37-40 menderatuta. Gorriek abantaila handiak izan zituzten finalaren lehen erdian, Urriza hotz hasi zelako eta Endika Barrenetxeak ederki asmatu zuelako nafarrari pilota kentzen, baina neurketaren bigarren zatian egoera nabarmen aldatu zen eta Urriza bera izan zen Galarretako lehia erabaki zuena.
Gorriek hasieratik lanak zaildu zizkioten txapeldunei, izan ere, Matxin III.a maila oso onean aritu zen eta atzean Barrenetxea bere nagusitasuna ezartzea lortu zuen. Nafarrak ordea hasiera hotza eman zion finalari, baina bigarren zatian bere mailaren berri eman eta 20-12koari buelta eman zioten urdinek.
Gerora, 9-9, 10-10 eta 11-11ko berdinketak iritsi ziren, baina gorriak izan ziren berriz ere markagailuan tartea irekitzea lortu zutenak, zortzi tanto segidan eginda, 10-11tik 18-11ra joan zirelarik zuzenean.
Markagailuak 21-13koa erakusten zuelarik, Urriza hil edo bizi jokatzen hasi zen aurrean, eta nafarraren maila duen aurrelari batekin oso arriskutsua izaten da hori aurkariarentzat. Pilotari sekulako abiadura sartuz, tantoak pilatzen hasi zen Urriza, eta gorrien abantaila murrizten. Emaitza berdindu bakarrik ez, sei tanto segidan eginez, 30-28tik 30-33ra alde egin zuten urdinek, txapelera asko hurbilduz.
Gorriek azken saiakera egin zuten 36-37 ipini arte, baina urdinek ez zuten barkatu eta garaipena erdietsi zuten. Bosgarren txapela izan zuen Urrizak, eta lehenengoa Larrañagak.
Urtasun, Prim eta Maia, XXI. Paxaka txapelketan garaile
Urtasun, Prim eta Maiak 9-8 irabazi zieten Irigoien Mindegia eta Itoitzi paxaka txapelketaren finalean
2020ko E.H-ko 4 1/2-ko ELITE Txapelketako finalerdiak jokatu dira
Otsailaren 12an jokatuko den final haundian Espinal (Uharte) eta Karrekal (adiskide) arituko dira elkarren aurka
Pala Banakakoaren aurreneko kanporaketak jokatu ziren ostiralean
Fustok 3-0 irabazi zion Urrutiari eta Gaubekak 3-1 Ibargureni