HERRI KIROLAK/HARRIA
Binakako harri-jasotze txapelketako jardunaldiak jokatu dira Araban
Urrezko binakako harri-jasotze txapelketako hirugarren eta laugarren jardunaldiak jokatu zituzten asteburuan Araban, zehazki larunbat arratsaldean Agurainen eta igande eguerdian Aramaion.
Txapelketako saioetan erabiliko dituzten harriak honakoak dira, bi minutuko txandetan: 175 kiloko laukizuzena, 138ko kubikoa, 100 kiloko zilindro zaharra eta 100 kiloko bola.
Larunbateko lehian, 18:30tan hasita, Julen Diaz eta Mikel Lopetegi “Urra” aritu ziren elkarrekin batera. Julen Diazek 7 jasoaldi eman zizkion 175 kiloko laukizuzenari (1.225 kilo) eta 9 altxaldi 138ko kubikoari (1.242 kilo). Urrak berriz, 29 aldiz altxatu zuen zilindroa (2.900 kilo) eta 21 jasoaldi eman zizkion bolari (2.100 kilo). Guztira, bikote moduan 7.467 kilo altxatu zituzten Aguraingo saioan.
Igandean berriz, Aramaion Urdax Magunazelaia abadiñarrak eta Jon Irañeta nafarrak osaturiko bikotearen txanda izan zen. Ikuskizun ederra eskaini zuen Magunazelaiak, esfortzu izugarria eginez, entrenamenduetan gaizki ibili dela onartu du-eta bizkaitarrak. Zaleak eta lagunak animatzen izan zituelarik, marka polita egitea lortu zuen (7 jasoaldi laukizuzenari eta 13 kubikoari). Bere kide Jon Irañeta, oso txukun ibili zen, pisu gutxiagoko harriekin, eta esferikoarekin ere ikuskizun ederra eskaini zuen, indarrak hustu arte (22 altxaldi zilindroari eta 16 bolari). Bikote gisa, orotara 6.819 kilo altxatu zituzten.
Pasa den larunbatean, urriak 10, Harrijasotzaileen Binakako Txapelketako lehen jardunaldia lehiatu zen Izarraitzen. Jon Unanue Goenatxo III.a eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a elkarrekin aritu ziren lehian, eta bien artean 62 jasoalditan 7.105 kilo altxatu zituzten.
Gorka Etxeberria eta Jokin Eizmendi aritu ziren txapelketako bigarren jardunaldian, urriaren 18an, Arabako Burgelu herrian. Guztira 60 jasoaldi egin zituzten bien artean (7.169 kilo).
2020 Errota Harri Txapelketa lehiatu da
Mikel Lopetegi “Urra”k jantzi du txapela Xabier Peñarekin lehia estua izan ondoren
Finol eta Etxeberria nagusitu dira Euskal Herriko Ingude Txapelketan
Gorka Etxeberria oriotarra gizonezkoetan eta Virginia Finol iruñearra emakumezkoetan dira txapeldun berriak
Binakako Aizkolari Txapelketa Aian
Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdi nagusitu dira Ruben Saralegi eta Eneko Otañoren aurka. Emakumeen banakakoan Nerea Sorondok Irati Astondoari irabazi dio. Harrijasotzean Xabier Peña izan da garaile