HERRI KIROLAK/AIZKORA

Binakako Aizkolari Txapelketako laugarren jardunaldia lehiatu zen Leitzan

by | 2022/01/31

Argazkiak: egursport.com

Eneko Saralegi eta Txomin Amundarain nagusitu ziren Larrañaga eta Izeta VI.aren aurkako lehian, segundo bakarreko aldearekin

 

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako hogeita bigarren edizioko laugarren eta azkeneko sailkapen jardunaldia jokatu zuten pasa den larunbatean, urtarrilaren 29an, Leitzako Amazabal pilotalekuan.

Ibai Soroak eta Jon Rekondok osaturiko bikoteak ezin izan zuen azkenean parte hartu (Rekondo ondoezik zegoelako) eta ondorioz, Eneko Saralegi-Txomin Amundarain eta Mikel Larrañaga-Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aritu ziren elkarren aurka.

Egin beharreko lanak, honakoak: guztira hamaika enbor ahalik eta azkarren moztea, sei modalitate ezberdinetan. Eneko Saralegi eta Txomin Amundarainek 18 minutu eta 56 segundo behar izan zituzten lana burutzeko eta Mikel Larrañaga eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak 18 minutu eta 57 segundo.

2022 Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa, 4. jardunaldia

Eneko Saralegi-Txomin Amundarain, 18 minutu eta 56 segundo: erloju kontra 45´´ eta 55´´, zutik 1´40´´, abiadura 3´56´´, zutik/etzanda 3´14´´, azken proba 8´26´´.

Mikel Larrañaga-Andoni Iruretagoiena, 18 minutu eta 57 segundo: erloju kontra 48´´ eta 59´´, zutik 1´39´´, abiadura 4´04´´, zutik/etzanda 3´36´´, azken proba 7´51´´.

Harrijasotzeari dagokionez, Zortzi Arroako Hiru Harri txapelketan Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a aritu zen ehun kiloko hiru harrirekin, zilindro zaharra, kubikoa eta borobila, bina minutuko txandetan. Denera 55 jasoaldi egin zituen: 23 zilindroari, 18 kubikoari eta 14 bolari.

Jarraian, Emakumezkoen harri-jasotze txapelketaren txanda izan zen, bertan Ane Zinkunegik 39 jasoaldi eman zizkielarik 50 kiloko hiru harriei, bi minutuko txandetan: 17 zilindroari, 8 kubikoari eta 14 bolari.