HERRI KIROLAK/AIZKORA
Bihar Asteasun, Urrezko Aizkolari Kopako finala
Mikel Larrañaga, Julen Alberdi “Txikia IV” eta Eneko Otaño lehiatuko dute aurtengo Urrezko Aizkolari Kopako finala
Aizkolariez aparte, Gabonetako Harrijasotzaile Txapelketa eta Gabonetako Emakumezkoen Ingude Txapelketak lehiatuko dira Asteasun.
Harrijasotze lanetan ibiliko dira Mikel Lopetegi “Urra” zarauztarra, Imanol Albizu “Goikoetxe” elgetarra eta Beñat Telleria lasartearra. Ingudearekin arituko direnak berriz, Iturengo Maika Ariztegi, Iruñeko Virginia Finol eta Karmele Gisasola mallabitarra izango dira.
Behin Urrezko Aizkolari Kopako hiru finalerdiak jokatuta, txapela lortzeko lehian arituko diren hiru aizkolarien izenak erabakita geratu ziren: Mikel Larrañaga azpeitiarra, Julen Alberdi “Txikia IV” Azkoitiakoa eta Eneko Otaño Beizamakoa.
Abenduaren 7an, Mendaron, Eneko Otaño beizamarra mendean hartuta Julen Alberdi Txikia V.a azkoitiarra finalerako sailkatu zen hamabi kana erdiko enbor mozteko 28 minutu eta 31 segundu behar izan zituelarik. Bere aurkaria, Eneko Otaño, 31 minutu eta 29 segundutan amaitu zuen bere lana eta beraz lehia galdu egin zuen.
Abenduaren 15ean, Urrestillako Txikuri pilotalekuan jokatu zen bigarren finalerdia, aurrez aurre Mikel Larrañaga Azpeitiko aizkolaria eta Jon Rekondo leitzarra izan zirelarik. Mikel Larrañagak 27 minutu eta 50 segundoan ebaki zituen hamabi kanaerdiko enbor. Rekondok, aldiz, 28 minutu eta 49 segundo, eta beraz, Larrañagak eskuratu zuen Urrezko Aizkolari Kopako finalerako txartela.
Ordurako Julen Alberdi Txikia V.a zein Mikel Larrañagak finalean bere lekua eskuratuta, azkeneko txartelaren bila aritu ziren nor baino nor Mutrikun, abenduaren 21ean, Jon Rekondo leitzarra eta beizamako Eneko Otaño, arestian aipatutako bi sailkapenetan galtzaile ateratako aizkolariak, alegia. Saio gogorraren ondoren, Otaño nagusitu zen hirugarren finalerdi honetan, bere lanak 23 minutu eta 24 segundutan amaituta, Rekondok berriz 24 minutu 39 segundu behar izan zituelarik.
Beraz, Eneko Otaño, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a lehiatuko dute aurtengo Urrezko Kopako txapela asteartean, urtezahar eguna, 17:00etan hasita jokatuko den final ezin ederragoan.
Binakako Harrijasotze eta Emakumezkoen Ingude txapelketak jokatu dira
Aimar Galarraga eta Jagoba Otaegik 6.742 kilo altxatu zituzten. Ingudean Karmele Gisasolak 128 altxaldi egin zituen eta Garazi Arrutik 118
Urrezko Aizkolarien Kopako jardunaldia lehiatu da Burgelun
Xabier Zalduak eskuratu zuen hurrengo kanporaketarako txartela, finalean hiru kanaerdikoak mozten azkarrena izan ondoren
Bizkaiko Binakako aizkora eta taldekako harrizulatzaile txapelketak Basaurin
Aitzol Atutxa eta Unai Aldape binakako aizkora txapelketan eta Burdin Gazteak, taldekako harrizulatzaile txapelketan, Bizkaiko txapeldun berriak