HERRI KIROLAK/HARRIA
Bi Harri Txapelketa jokatu zen igandean Aritzbatalden
Argazkiak: Egursport
Zarautz Kirol Elkarteko Herri Kirolak sailak antolatua, Zarauzko Bi Harri Txapelketaren edizio berri bat jokatu zen pasa den igandean, abuztuaren 1ean, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, 18:30tatik aurrera, urtero lez bi harri baldar, Jai Txiki eta Mollarri, jaso behar izan zituztelarik parte hartzaileek.
Aurtengo berrikuntza nagusia izan da lehen aldiz emakumezkoek ere parte hartu dutela txapelketan. Ondoko lau harri-jasotzaileak atera ziren lehiara Aritzbatalden: Lucia Orbe, Karmele Gisasola, Marina Blanco eta Lierni Osa. Zazpi minuturen barruan 63 eta 51 kiloko harriei altxaldi gehien egiten zizkienak eskuratuko zuen lehen txapela.
Azkenean, Karmele Gisasola Zelai III.a-k eskuratu zuen garaipena, guztira bi harriei 23 altxaldi eginda. Estu joan zen lehia, izan ere, Lucia Orbek egin zuen bigarren 22 altxaldirekin, eta podiuma osatzeko, oso gertu ibili zen ere Lierni Osa zarauztarra, 21 altxaldirekin. Izatez, Lur Errekondo zen lehian parte hartzekoa, baina, azkenean, Marina Blanco atera zen plazara haren ordez, hemezortzi altxaldi eginda.
Emakumezkoen sailkapena:
- Zelai III.a 23 altxaldi (11 Jai Txiki+12 Mollarri)
- Lucía Orbe 22 (11+11)
- Lierni Osa 21 (11+10)
- Marina Blanco 18 (9+9)
Gizonezkoetan, berriz, bosgarren aldiz jokatu zen Bi Harri txapelketa, 117 eta 119 kiloko harriak altxatu behar izan zituztelarik ahal beste alditan, zazpi minutuan. Ondoko harri-jasotzaileek hartu zuten parte: Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Mikel Lopetegi Urra, Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.a, Iñigo Eizagirre Eiza, Gorka Etxeberria, Aimar Galarraga, Jokin Eizmendi eta Pedro Azpiazu.
Eta aurtengo txapelketan, garaipena eskuratzeaz aparte, Urrak marka berria egin zuen, Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.ak egindakoa aise gainditu zuelarik. 25 altxalditan zegoen ezarrita errekorra, eta 31 aldiz jaso zituen harriak zarauztarrak (16 aldiz jaso zuen Jai Txiki harria, eta 15 aldiz Mollarri). Bigarren postuan Jokin Eizmendi geratu zen 24 altxaldirekin eta hirugarren, berriz, Izeta IV.a-k egin zuen, bi harriei 22 altxaldi eginda.
Gizonezkoen sailkapena:
- Mikel Lopetegi, Urra 31 jasoaldi (16 Jai Txiki+15 Mollarri)
- Jokin Eizmendi 24 (12+12)
- Izeta IV.a 22 (11+11)
- Iñigo Eizagirre 20 (10+10)
- Gorka Etxeberria 19 (10+9)
- Izeta III.a 19 (10+9)
- Aimar Galarraga 19 (9+10)
- Paulo Azpiazu 17 (9+8)
Hasi da 640 kiloko Euskadiko Sokatira txapelketa
Lehenengo jardunaldia Saturrarango Arbelaitz kanpinean burutu zen, non Gaztedi A taldea nagusitu zen
Urrak irabazi du Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa
Zarauztarrak erakustaldia eman zuen eta erraz nagusitu zitzaien Azpiazuri, Izeta IV.ari, Arrutiri eta Olaizolari
Nafarroako launakako sokatira txapelketako azken jardunaldia lehiatu da Berriozarren
Pisu arinetan, Berriozar nagusitu zen emakumezkoetan eta Beti Gazte gizonezkoetan