LASTERKETAK
Bertan behera utzi dute Azkoitiko XVI. Herri Lasterketa
Raka Maraton Kirol Elkarteak adierazi berri duenez, bizi dugun egoera dela-eta Herri Lasterketa ez antolatzea erabaki dute. Halere, datorren urtean berriro itzuliko direla azaldu dute antolatzaileek.
Azaroaren 28an ziren egitekoak Azkoitiko XVI. Herri Lasterketa, baina Raka Maraton Kirol Elkarteak azaldu duenez, proba bertan behera uztea erabaki dute. Elkarteko kideen esanetan, pena handiz hartu dute erabakia, baina nabarmendu dute osasun krisiak bultzatuta guztien ongizatearen alde egiteko hautua egin dutela. Aurten, beraz, Herri Lasterketarik ez da izango Azkoitian, baina antolatzaileek datorren urterako prestatzen hasteko eskatu diete herritarrei: “gogoratzekoa izango da”, gaineratu dute.
Iazko edizioa
2019. urtean, Iker Ortiz de Zaratek eta Nerea Etxeberriak irabazi zuten Azkoitiko XV. Herri Lasterketa.
Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton kirol elkarteak antolatuta, Azkoitiko XV. Herri Lasterketa jokatu zuten, herriko kaleetan zehar. Guztira, 294 korrikalarik parte hartu zuten lasterketan, eta horiek hamar kilometroko ibilbidea egin behar izan zuten herriko plazatik hasita. Gizonezkoetan, Iker Ortiz de Zarate izan zen helmugara azkarrena iristen (0:31:56), eta gasteiztarrak bi azkoitiarrekin osatu zuen podiuma; Markos Zaldibiarekin eta Mikel Garaterekin, hain zuzen ere. Bi horiek batera helmugaratu ziren (0:32:49). Emakumezkoetan, berriz, Nerea Etxeberria azpeitiarra nagusitu zen (0:39:28), eta haren atzetik, Eguzkiñe Zabaleta leitzarrak (0:40:17) eta Ainara Uribarri oñatiarrak (0:40:21) lortu zituzten bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren.
Probaren hasieran eguraldiak ateri eutsi bazion ere, laster hasi zuen zaparrada, eta lasterkariek euripean egin behar izan zuten ibilbidearen erdia. Eguraldiak, ordea, ez zituen kikildu herritarrak, eta dozenaka lagun atera ziren kalera korrikalariak animatzera. Ohi bezala, proban parte hartu zutenek bi bira txiki eta beste handi bat egin behar izan zuten herrian barrena.
Gorbeia Suzien 2020 aurreikusitako datan mantentzen da
Skyrunner World Series zirkuitua bertan behera geratuta ere, irailaren 27an egingo dute proba Zeanurin
Mendi lasterketetako Euskal Selekzioaren kirolariak ezagutzen
Ander Iñarra, Euskal Selekzioko mendi korrikalariari egindako elkarrizketa
Zarauzko Triatloia bertan behera geratu da
Zarauzko Triatloiaren 34. edizioa 2021ko ekainaren 12an izango da, eta aurtengo dortsalak datorren urteari begira gordeko dira