LASTERKETAK
Bertan behera utzi dute Azkoitiko XVI. Herri Lasterketa
Raka Maraton Kirol Elkarteak adierazi berri duenez, bizi dugun egoera dela-eta Herri Lasterketa ez antolatzea erabaki dute. Halere, datorren urtean berriro itzuliko direla azaldu dute antolatzaileek.
Azaroaren 28an ziren egitekoak Azkoitiko XVI. Herri Lasterketa, baina Raka Maraton Kirol Elkarteak azaldu duenez, proba bertan behera uztea erabaki dute. Elkarteko kideen esanetan, pena handiz hartu dute erabakia, baina nabarmendu dute osasun krisiak bultzatuta guztien ongizatearen alde egiteko hautua egin dutela. Aurten, beraz, Herri Lasterketarik ez da izango Azkoitian, baina antolatzaileek datorren urterako prestatzen hasteko eskatu diete herritarrei: “gogoratzekoa izango da”, gaineratu dute.
Iazko edizioa
2019. urtean, Iker Ortiz de Zaratek eta Nerea Etxeberriak irabazi zuten Azkoitiko XV. Herri Lasterketa.
Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton kirol elkarteak antolatuta, Azkoitiko XV. Herri Lasterketa jokatu zuten, herriko kaleetan zehar. Guztira, 294 korrikalarik parte hartu zuten lasterketan, eta horiek hamar kilometroko ibilbidea egin behar izan zuten herriko plazatik hasita. Gizonezkoetan, Iker Ortiz de Zarate izan zen helmugara azkarrena iristen (0:31:56), eta gasteiztarrak bi azkoitiarrekin osatu zuen podiuma; Markos Zaldibiarekin eta Mikel Garaterekin, hain zuzen ere. Bi horiek batera helmugaratu ziren (0:32:49). Emakumezkoetan, berriz, Nerea Etxeberria azpeitiarra nagusitu zen (0:39:28), eta haren atzetik, Eguzkiñe Zabaleta leitzarrak (0:40:17) eta Ainara Uribarri oñatiarrak (0:40:21) lortu zituzten bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren.
Probaren hasieran eguraldiak ateri eutsi bazion ere, laster hasi zuen zaparrada, eta lasterkariek euripean egin behar izan zuten ibilbidearen erdia. Eguraldiak, ordea, ez zituen kikildu herritarrak, eta dozenaka lagun atera ziren kalera korrikalariak animatzera. Ohi bezala, proban parte hartu zutenek bi bira txiki eta beste handi bat egin behar izan zuten herrian barrena.
Munduko Mendi Lasterketen Kopa amaitu da, Euskal Selekzioaren partehartzearekin
Sailkapen nagusian, Ander Iñarrak laugarren postua eskuratu du eta Mayi Mugikak bosgarrena
Pablo Benito Garciak eta Montserrat Sanchez de las Matasek irabazi dute Gasteizko Maratoia
Bi urteko etenaldiaren ondoren, 2.500 lasterkari aritu ziren Vitoria-Gasteiz Martin Fiz Maratoian
Eneko Gurrutxaga eta Ainara Pequeño, Aiako I. Mendi Duatloiaren irabazleak
EHko mendi lasterketen zirkuituaren sailkapen nagusiaren buruan Iñaki Isasi eta Enara Oronoz daude