EUSKAL PILOTA

Bertan behera geratu dira Emakume Master Cup txapelketako pilota goxoko finalerdiak

by | 2020/03/13

Asteburuan Elgoibarko pilotalekuan pilota goxuarekin jokatzekoak ziren eskuz binakako finalerdiak bertan behera gelditu dira koronabirusaren aferagatik

 

Erakundeek koronabirusaren inguruan emandako aholkuei eta eginbeharrei jarraituz, Emakume Master Cup-ek larunbatean Elgoibarren jokatu beharreko pilota goxoko finalerdiak bertan behera uztea erabaki du. Erabakia arduragatik eta pilotari eta pilotazaleen hobe beharrez hartutakoa da.

Honako partiduak aurreikusita zeuden larunbaterako: Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi /Irantzu Etxebeste-Leire Etxaniz eta Eneritz Arrieta-Amaia Jaka / Nagore eta Leire Galeano.

Aurreko astebukaeran bai jokatu ziren ordea, pilota mistoko finalerdiak. Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldaik eta Miren Larrarte-Olatz Ruiz de Larramendik eskuratu zuten martxoaren 29an Irunen jokatuko den finalerako txartelak.

Olatz Arrizabalaga (Gernika, 1997) eta Gentzane Aldai (Orozko, 1994) bikain aritu ziren eta Amaia Aldaik eta Arrate Bergarak osatutako bikoteari 22-11 irabazi zioten.

Miren Larrarte eta Olatz Ruiz de Larramendi ere sailkatu ziren finalerako,  Leire Garai eta Nora Mendizabal 20-19 mendean hartuta.

Emakume Master Cup txapelketarena ez da kasu bakarra pilotaren munduan, besteak beste, pilota enpresek jakinarazi dutenez binakako txapelketako asteburuko partidak ez dira jokatuko, ez eta bestelako pilota jaialdiak ere.

2020ko Binakako Txapelketa azken txanpan sartuta dago, aurreko asteburuan ekin baitzioten finalerdietako ligaxkari, lehen jardunaldiari dagozkion neurketak jokatuta.

Hala ere, Espainiako Gobernuaren Kultura eta Kirol Ministerioak asteartetan hartutako erabakiak, hau da, hurrengo asteetan kirol lehiaketa profesional eta ez-profesional guztiak ateak itxita jokatzea agindu izanak, eragina izan du txapelketa horren nondik norakoan.

Esku Pilota Enpresen Liga (LEPM) asteazkenean bildu zen koronabirusaren krisiak eragindako egoera aztertzeko eta esku artean dituzten aukera guztiak jorratzeko. Hartara, mahai gainean zegoen aukeretako bat izan da txapelketa zenbait astez atzeratzea, oraindik jokatu gabe dauden gainerako partidei Kultura Ministerioaren murrizketak eragin ez diezaien. Azkenean, Binakakoa bertan behera uztea erabaki dute eta lehiaketara noiz itzuliko den ez dakite.

Iparraldeko Pilota Batzordeak ere kaleratu du oharra gai honen harira. Bertan, frantses gobernua, kirol ministeritza eta eta frantses pilota federakuntzan hartutako erabakien ondotik, gaurtik (martxoak 13) aurrera txapelketa guztiak geldituko direla adierazten dute, agindu berri bat jaso arte.

Ezeztatuak dira beraz, lehiaketak, bilketak, ikastaldiak eta entrenamenduak. Jean-Michel Garayar iparraldeko pilota batzordeko presidenteak, neurri hauek errespetatzeko deia egin du.

Aurtengo Txapelketa

Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketak indartsu jarraitzen du eta aurten ia ehun pilotarik, zehatz esanda 94k, –47 bikotek– hartuko dute parte Binakako txapelketan.

2020ko Binakakoa bi kategoriatan jokatuko da: ohiko pilota goxoakoak jarraitzen du jarraitzailerik gehien izaten, (35 bikote izango dira, 70 pilotari), eta geroz eta parte hartzaile gehiago erakartzen ari den pilota mistokoan 12 bikote arituko dira lehen ekitaldi honetan.

Txapelketa osoa Gipuzkoako pilotalekuetan jokatuko da. Ataun, Antzuola, Villabona, Deba eta Berastegik lehen aurrekanporaketak hartuko dituzte. Getarian eta Pasaian, final-laurdenetako jaialdiak izango dira, eta finalerdiak Beasainen, martxoaren 8an eta eta Elgoibarren, martxoaren 14an jokatuko dira. Bi mailetako finalak martxoaren 29an jokatuko dira Irunen.

Share This