HERRI KIROLAK
Beñat Amadek irabazi du Bizkaiko pentatloia
Beñat Amade getxoztarra nagusitu da Bizkaiko Pentatloi Txapelketan
Pasa den larunbatean, urriak 17, jokatu zen Algortan Bizkaia mailan lehenengo aldiz antolatu den pentatloi txapelketa. Biotz Alai plazan zazpi kirolari aritu ziren nor baino nor gehiago, txapelaren bila, azkenean Beñat Amade nagusitu zelarik.
Txapelketa 12.00etan hasi zen eta parte-hartzaileak honakoak izan ziren: Beñat Amade (Getxo), Unai Ardeo (Getxo), Mikel Agirre (Ondarroa), Ousmane Drame (Barakaldo), Jon Gisasola ‘Zelai V’ (Mallabia), Ioritz Gisasola ‘Zelai IV’ (Mallabia) eta Daniel España (Segovia).
Pentatloian, izenak berak dioen moduan, bost kirol egiten dira, baina kasu honetan, herri kirol proba konbinatua da. Egin beharreko lanak honakoak: 15 jasoaldi 100 kg-ko bola batekin; 400 kiloko harria arrakastaka eramanez, bi untza osatzea (untza bakoitza 28 metrokoa da); aizkoraz 45 ontzako lau enbor ebakitzea; 50 kg-ko txingak eramanez 6 untze burutzea, eta 1,5 km-ko ibilbidea korrika egitea.
Esan bezala, Beñat Amade izan zen proban parte hartu zuten zazpi kirolarietatik onena, aizkoran ondo aritu eta korrikan jaun eta jabe izan ondoren. Atzetik, Ioritz Gisasola mallabiarra txapeldunorde geratu zen eta hirugarren postua Mikel Agirre ondarrutarrak eskuratu zuen. Jon Gisasola (Ioritzen lehengusua ) podiumaren atarian geratu zen, laugarren postuan.
Aforoa mugatua zegoen egun bizi dugun osasun egoeraren ondorioz, baina sarrera guztiak agortuta, 108 lagunek ekitaldia bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten.
SAILKAPENA
- Beñat Amade…………….. 28.26
- Ioritz Gisasola……………. 29.17
- Mikel Agirre…………………29.49
- Jon Gisasola…………………32.27
- Daniel España…………….. 38.34
- Unai Ardeo…………………. 40.10
- Ousmane Drame………… Erretiratu egin zen, aizkorako lanak burutu ondoren, lesioa jasan ostean.
Zortzinakako Sokatira Txapelketako beste jardunaldi bat Burgun
Larunbatean jokatutako jardunaldian, aspalditik indarrean mantentzen duten nagusitasunari eutsi diote Beti Gazteko lesakarrek
Euskal Herriko ingude-jasotze txapelketa igandean Mungian
Emakumeen eta gizonezkoen Euskal Herriko ingude-jasotze txapelketak lehiatuko dira Mungian, herri kirol ekitaldiz beteriko astebukaeran
Binakako aizkolarien txapelketako jardunaldi bikoitza igandean
Urtarrilaren 19an, Aian Saralegi eta Otaño, Mugertza II.aren eta Txikia IV.aren aurka jokatuko dute eta Iraetan Mujika eta Vicente, Rekondoren eta Larrañagaren aurka.