EUSKAL PILOTA/XAREA
Behar Zana elkartearen 75. urteurreneko egitaraua aurkeztu dute
Villabonako pilota elkarteak (Euskal Herriko elkarte zaharrenetakoa) iaz bete zituen 75 urte, baina ospakizunak atzeratu egin behar izan zituzten COVID19 gaitzak eragindako pandemiaren ondorioz eta azkenean, urteurreneko ekitaldi bereziak egingo dituzte aurten, 76 urte betetzearekin batera, antolatzaileek Bearzana frontoian egin berri duten aurkezpenean adierazi duten bezala.
Aurreneko ekitaldia martxoaren 12an Errebote plazan egingo den Berdel Pilota Festa izango da. Goizean zehar pilota topaketa egingo dute elkarteko pilotari txikienekin eta inguruko herrietako pilotariekin eta eguerdian berdel dastaketa izango da Getariako kofradiak eta babesle duten Inazio Urruzola txakolingileak lagunduta.
Hurrengo hitzordua apirilaren 30ean helduko da: Oinatz Bengoetxearen partaidetzarekin Bertsopilota jaialdia, Behar Zanako pilotariekin batera. Oinatzek Arkaitz Esnaola izango du atzelari Iñaki Lizaso eta Jon Erasunen aurka jokatzeko. Eta botilero lanetan Unai Mendizabal eta Amaia Agirre bertsolariak izango dituzte, abestuz laguntzen saiatzeko. Lehenengo partidan, Eneko Maiz eta Julen Urruzola bikoak Jon Urbieta eta Aaron Arbizu izango ditu aurkari.
Ekainaren hasieran berriz, urteurreneko hitzordu nagusiaren txanda izango da, hilaren 3a eta 4a bitartean ospatuko dena. Izan ere, pilota Maratoi Solidarioa antolatu dute egun horietarako Aspanogi elkartearen alde. Maratoia ekainaren 3ko 18.00etan hasiko da eta 25 orduz jarraian pilotaz gozatzeko aukera izango da herriko frontoian.
Askotariko jokamoldeak izango dira: Oriamendi enpresako erremontistak, Mutrikuko Danok eta Beotibar taldeko puntistak, kirol egokitua gurpildun aulkian, adimen urritasuna dutenak, xarea, pasaka eskularruz Laxoa elkarteko pilotariekin, bote luzea eta pasaka eskuz Txostekoen laguntzaz, herrian jokatzen den joko garbia Zubietako pilotarien laguntzaz, paleta larruz, gomaz, esku pilota… Eta pilotariak adin guztietakoak izango dira: umeak, gazte, helduak eta aiton-amonak.
Beste bi ekitaldi ere izango dira: batetik, ekainaren 25ean Errebotea Herrian Bizirik txapelketa azkarra jokatuko dute herriko pilotari eta pilotari ohiekin lau talde osatuz. Eta bestetik, uztailaren 31an Villabonak eta Hazparnek 92. aldiz jokatuko dute elkarren aurka errebotean.
EGITARAUA
Martxoak 12. Berdel Pilota Festa.
Apirilak 30. Bertsopilota.
Ekainak 3 eta 4. Pilota Maratoi Solidarioa.
Ekainak 4. Behar Zana elkarteko bazkideen afaria eta danborrada.
Ekainak 5. Behar Zana eta Txost elkarteen arteko errebote partida.
Ekainak 25. Errebotea Sutan txapelketa azkarra.
Uztailak 31. 92. Villabona eta Hazparne errebote partida.
Hastear da Binakako Emakume Master Cup txapelketa
Ataungo Auzoeta pilotalekuan hasiko da larunbat honetan Binakako txapelketa. Pilota goxuan 35 bikote eta mistoan 12 arituko dira nor baino nor.
Matxalen Mendizabal eta Maider Isasa nesken xarearen historian sartu dira
Matxalen Mendizabal –Maider Isasa eta Nora Galartza eta Irati Fernandez osatutako bikoek historian lehen aldiz, xareko nesken arteko infantil mailako partida ofizial bat jokatu dute
Bultzada berri bat xareari eta emakumeen kirolari
Historian lehen aldiz jokatuko dute infantil mailako neskek xareko txapelketa ofizial bat