ESKUBALOIA/EUSKAL SELEKZIOA
Basque Country International Women’s Cup txapelketa amaitu da
Argazkiak: Euskal Eskubaloi Federazioa
Pasa den ostegunean lehiatu zen Basque Country International Women’s Cup txapelketako lehen jardunaldia Leioan, non Euskal Selekzioak Finlandiaren aurka galdu zuen, gol bateko aldearekin (27-26). Bestalde, txapelketako lehenengo partidan, Brasilgo selekzioak oso erraz irabazi zion Luxenburgori (15-47).
Ostiralean berriz, jokatu zen txapelketako bigarren jardunaldia Berangon, bertan Euskal Herria Argentinaren aurka aritu zelarik, eta honakoan ere Euskal Selekzioak Hegoamerikako bigarren talderik indartsuenaren aurka galdu egin zuen norgehiagoka (21-35). Jardunaldiko bigarren partidan, Finlandia erabat nagusitu zen Luxenburgoren aurkako neurketan (18-30).
Azkenik, Eibarrek hartu zuen iragan larunbatean txapelketaren hirugarren eta azken jardunaldia, Ipuruako kiroldegian lehiatu zena.
Aurreneko partidan, arratsaldeko 15:3oean hasi zena, Euskal Herria eta Brasil (2013an Munduko txapelduna izandakoa) aritu ziren elkarren aurka eta oraingoan ere ezin izan zuen Euskal Selekzioak garaipenik erdietsi.
Dena den, lehen minutuetan ederki aritu ziren euskal jokalariak, eta zortzi minutu jokatuta markagailuan bosna berdinduta zeuden baina ondoren beste abiadura bat eman zioten partidari brasildarrek eta berehala ireki zuten zuloa markagailuan, 25. minuturako jadanik 9-19 aurretik zeudelarik. Eta atsedenaldirako errenta hori haunditu egin zen, bigarren zatiari begira dena erabakita geratu zelarik (11-22).
Atsedenaldiaren osteko lehen zortzi minutuetan markagailuak 5-6ko emaitza adierazi zuen baina ondoren ez zuten gupidarik izan jokalari brasildarrek, kontutan izanda hemendik gutxira jokatuko den Mundialerako prestaketa betean daudela, eta aldea areagotzen joan ziren, azkenerako, markagailua 21-41 izan zelarik.
Jarraian, Argentina eta Finlandiaren arteko norgehiagoka interesgarria jokatu zen txapelketari amaiera emateko, non argentinarrak 25-24 irabazi zioten Finlandiari, hartara lehen aldiz Europako selekzio baten aurkako garaipena erdietsi zutelarik.
ESKUBALOIA/EUSKAL SELEKZIOA
Euskal Herria beach tennis munduko txapelketan
Beach Tennis eta Kirol Gutxituen Euskal Elkarteak parte hartu du Nazioarteko Beach Tennis Federazioak antolatu berri duen Nazioen Arteko Munduko Txapelketan
Euskal Pilotak ofizialtasuna eskatu dio Nazioarteko Federazioari
Euskal Selekzioaren ofizialtasuna eskatu diote Euskal Pilotaren ordezkariek Euskal Pilota Nazioarteko Federazioari
Euskal Selekzioko Mayi Mujika eta Julen Martinez de Estibariz bosgarren postuan Olympo mendian
Gaurko puntuekin, biak izango dira, urrian, Limone Sul Gardan (Italia) jokatuko den finalean