EUSKAL PILOTA
Barrenetxea IV.ak Masterseko txapela irabazi du
Endika Barrenetxeak eta Imanol Ansak igande honetan jokatu zuten, 16:15etik aurrera, Iparlur Masterseko finala. Koteto Ezkurrak 2011. urtean palmaresa estreinatu zuenetik hamabigarren finala izan da honakoa. Ordutik, banakako Mastersak lau txapeldun izan ditu: Ezkurra (2011, 2012), Urriza (2013, 2014, 2017, 2018, 2019, 2021), Uterga (2015, 2016) eta Barrenetxea IV (2020).
Aurtengoan, Barrenetxea zen txapela irabazteko faboritoa. Udako Kutxabank Torneoa, erremonteko txapelketarik garrantzitsuena, irabazi zuen, eta finalerdian Juanenearen aurka erakustaldia eman zuen. Ansak, berriz, ez zuen Iparlur Masterseko finalerdia jokatu Urrizaren bajaren ondoren.
Eta hernaniarrak ez zuen hutsik egin, hartara Masters txapelketan bigarren aldiz jantzi duelarik txapela, Imanol Ansa urnietarra 30-22 garaitu eta gero. Barrenetxea IV.ak ongi irabazi zuen finala, nahiz eta kantxa barruan inongo momentuan ez zen eroso aurkitu.
Garaipenarekin hernaniarrak Ezkurra eta Uterga berdindu ditu palmaresean bina txapelekin. Aurretik dago Urriza sei txapelekin. Aurretik zaila zen jakitea nolako finala suertatuko zen eta azkenean erritmorik gabekoa izan zen. Pelotakada gutxi izan ziren eta bi erremontistei kosta egin zitzaien partiduan sartzea.
Gakoa sakean egon zen, beste behin. Barrenetxeak guztira hamaika tanto egin zituen sakearekin eta 8-9 galtzen jarri eta gero bederatzina berdindu zuen, sakea hartu eta lau tanto egin zituen errenkadan sakearekin. Horrek 13-9ko abantaila eman zion.
Partziala ez zen hor geratu eta 13-1eko partzialarekin finala apurtu zuen hernaniarrak, 21-10 aurreratuz. 19-10ean partidan 59 pelotakada bakarrik egon ziren.
Barrenetxeari duda sartu zitzaion amaieran. Hala ere, Ansaren huts batzuk lagundu zuten abantaila ez galtzen eta azkenean 30-22 itxi zuen finala.
Endika Barrenetxeak hamaika tanto egin zituen peloteoan eta sakearekin. Peloteoan akats bakarra egin zuen eta bi falta saketik. Ansak ere hamaika tanto egin zituen peloteoan, baina hamar akats egin zituen eta bost tanto saketik.
Hastear da Binakako Emakume Master Cup txapelketa
Ataungo Auzoeta pilotalekuan hasiko da larunbat honetan Binakako txapelketa. Pilota goxuan 35 bikote eta mistoan 12 arituko dira nor baino nor.
Matxalen Mendizabal eta Maider Isasa nesken xarearen historian sartu dira
Matxalen Mendizabal –Maider Isasa eta Nora Galartza eta Irati Fernandez osatutako bikoek historian lehen aldiz, xareko nesken arteko infantil mailako partida ofizial bat jokatu dute
Bultzada berri bat xareari eta emakumeen kirolari
Historian lehen aldiz jokatuko dute infantil mailako neskek xareko txapelketa ofizial bat