EUSKAL PILOTA
Barandika eta Lekerika, Danian txapeldun
Dania Jai Alaik azaroaren 28an amaitu zuen bere jarduera. Floridakoa Estatu Batuetako zesta-puntako azken frontoi tradizionala zen, pilotari-koadro egonkor batekin. Garai baten amaiera izan zen beraz.
Lau hilabete geroago baina, Dania Jai Alai berriro ireki da, gonbidapen-txapelketa bat antolatzeko.Txapelketa hau Battle at the Palace izenarekin bataiatu dute eta bertan honako bikoteak aritu dira nor baino nor gehiago garaipenaren bila: XABI BARANDIKA (Gernika-Lumo)-UNAI LEKERIKA (Gernika-Lumo), JOHAN SOROZABAL (Miarritze)-GORKA SOROZABAL (Miarritze), AIMAR ALDAZABAL (Berriatua)-IBON ALDAZABAL (Berritua), ALEX HORMAETXEA-THIBAULT BASQUE, IÑIGO GOROSTOLA ARRIETA (Durango)- IÑAKI URBIETA (Zumaia), JON ZULAIKA (Donostia)- GORKA ALDAZABAL UBILLA (Markina-Xemein), JEAN OLHARAN (PAU)-NICOLAS ETXETO (Bidart) eta DAVID ITURBIDE (Noain)-ALAIN URBISTONDO ARTA.
Bi jardunaldi eta finalerdiak lehiatu ondoren, pasa den igandean final haundiaren txanda izan zen, non Barandika-Lekerika eta Olharan-Etxeto bikoteak aritu ziren elkarren aurka.
Azkenean, Xabi Barandikak eta Unai Lekerikabeaskoak irabazi zuten azken hamar egunotan Dania Jai Alain (Florida) jokatu den “Battle at the Palace” txapelketa. Gernikarrak bigarren etxera itzultzen ziren, Daniako “Palace” ra alegia, Gernikakoaren ondoren gehien jokatu eta ondoen ezagutzen duten frontoira.
Finala ondo hasi zen Barandika eta Lekerikarentzat. 5-1 aurretik jarri ziren Olharan eta Etchetoren opariei esker. Baina pixkanaka Paueko aurrelaria eta Ahetzeko atzelaria partidan sartzen joan ziren. Tantoak oso borrokatuak izan ziren, eta seigarren kartoian berdindu egin zuten, Olharanen saskiratze ikusgarri baten ondoren, lehen aldiz ere aurretik jarri zirelarik (6-7).
Jarraian, berdinketak izan ziren zazpikoan, zortzian, bederatzian eta hamarrean. Finala parekatua joan zen ordura arte baina Olharan eta Etcheto 10-11 aurretik zihoazela, Paueko aurrelaria Lekerikaren eskuinkada batera sartu zen boteprontoan, eta pilotakada jaso zuen. Hamaikana berdinketa eta Olharan aldageletara erretiratu zen.
Minutu batzuen ondoren kantxara itzuli zen, baina mugitzeko zailtasunekin. Handik aurrera ez zen partidarik egon, azkenean 21-12ko markagailuarekin Barandika eta Lekerikak txapela jantzi zutelarik. Aimar eta Ibon Aldazabal anaiek hirugarren postuan amaitu zuten txapelketa.
Borteyru anaiek bere lehenengo San Migel Xare Irekia lortu dute
San Migel eta Gazteak Xare Irekien finalak jokatu ziren larunbatean, Iruran
Kopako finalarekin amaitu da Laxoa denboraldia
Mikel Mindegia, Josu Juanena, Joseba Juanena eta Javi Apeztegiak eskuratu zuten Kopako txapela
Zabalik da 2021eko Lau eta Erdirako izen ematea
Emakume Master Cup bere erroetara itzuliko da