EUSKAL PILOTA
Aurkeztu dute 2022ko eskuz binakako Master LABORAL KUTXA txapelketa
Pandemiak pandemia eta arazoak arazo, Emakume Master Cup zirkuitoak aurrera darrai eta lau eta erdikoaren arrakastaren ostean, zabalik da 2022ko eskuz binakako Master LABORAL KUTXArako izen ematea. Proiektu honen seigarren denboraldiari hasiera emango dion txapelketa honetan parte hartu nahi duten emakume guztiek urtarrilaren 9ra arte izango dute izena emateko aukera www.emakumemastercup.eus orrialdean.
Aurtengo txapelketaren berri emateko prentsaurrekoa eman berri dute antolatzaileek Bilboko Deustuko Unibertsitatean, aurkezpen honetan besteak beste Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalaga pilotariak egon direlarik.
2017tik emakumezkoen esku pilotak izugarrizko garapena izan badu ere, Emakume Master Cup zirkuitoak oso argi dauka lehiaketaren izaera erabat irekia izan dela bere arrakastaren giltza eta oraingo honetan ere, parte hartu nahi duten emakume guztiei, eroso senti daitezen, maila desberdinetako lehiaketak aurkeztuko dizkie.
Bi maila nagusi izango dira, pilota goxoa eta pilota mistoa eta hauen barruan beste bi azpi-maila, hastapena eta nagusiak goxoaren kasuan eta promozioa eta elitea material mistoan jokatu nahi dutenentzat. Beti bezala, txapelketak erabat irekiak izango dira eta pilota goxoaren kasuan parte hartzaileek binaka zein bakarka izena emateko aukera izango dute, mistoan, aldiz, izen ematea bakarkakoa izango da eta antolatzaileek osatuko dituzte bikoak, beti ere, ahalik eta lehiaketarik orekatuenak lortzeko helburuarekin.
Egutegiari dagokionean, parte hartzaileen kopuruaren arabera antolatu beharko da, baina antolakuntzaren nahia lehendabizi pilota goxoko lehiaketa jokatzea izango da eta gero ekitea mistokoari, baina parte hartzea oso altua bada, gerta daiteke ere lehendabizikoa amaitu aurretik bestearekin hastea. Azken urteetan 90/100 emakume inguruk eman izan dute izena denera eta honetan ere osasun pandemiak batere lagundu ez badu ere, antolatzaileek zifra horiei eustea espero dute, beti ere, neskak errazago animatzen baitira izena ematera binakako txapelketan.
Erabakita daudenak txapelketa mistoaren azken faseko egutegi eta pilotalekuak dira: finalerdiak Lezon jokatuko dira martxoaren 13an eta finala Irungo Uranzun izango da, martxoaren 27an. Hirugarren urtea izango da binakako finala Irunen jokatuko dena eta azken bietan osasun egoerak ikaragarri baldintzatutako finalak jokatu badira bertan, aurtengo esperantza pilotalekua goraino beteta jokatzea izango da.
Euskal Pilota Selekzioa pozik Europako “llargues” txapelketan egindakoarekin
Euskal Pilota Selekzioak itxura bikaina eman du Europako kluben arteko Llargues Champions 2019 txapelketan
Euskal Pilota Selekzioak parte hartuko du Europako “llargues” txapelketan
Asteburu honetan jokatuko da Italiako Toscana eskualdean
Euskal Pilotak ofizialtasuna eskatu dio Nazioarteko Federazioari
Euskal Selekzioaren ofizialtasuna eskatu diote Euskal Pilotaren ordezkariek Euskal Pilota Nazioarteko Federazioari