EUSKAL PILOTA
Arraioz nagusitu da promozioko laxoa txapelketan
Pasa den ostegunean, abenduak 24, jokatu zen Irurita eta Arraiozen arteko promozio finala, Iruritako Erreboteko plazan
Laxoa Elkarteak lehen aldiz antolatutako Promozio txapelketa hau irailean abiatu zen, herriz herri jokatutako kanporaketekin. Honela, herri bakoitzeko ordezkari bana sailkatu zen eta abenduaren 20an jokatu zituzten finalerdiak. Arraiozek 7-2 irabazi zion Donezteberi eta Irurita 7-1 gailendu zitzaion Oizi.
Finalean beraz, Irurita eta Arraioz aritu ziren nor baino nor gehiago eta lehia estu eta ikusgarri baten ondoren, arraioztarrak nagusitu ziren, 8-9.
Arraiozko taldea Xabier Bengotxea, Mikel Mindegia, Miguel Maritorena eta Aritz Alundak osatu zuten; Iruritako taldea, berriz, Jon Sagaseta, Gorka Urtasun, Hegoi Iturregi eta Imanol Zokok.
Plazara gerturatu zirenek, partidu borrokatua ikusteko aukera izan zuten. Ia partidu guztian zehar Iruritarrak izan ziren nagusi, baina askotan gertatzen den bezala, 9 jokotara iritsi arte ez da partidua bukatzen, eta finalean ere, horrela gertatu zen, izan ere, arraioztarrek 8 eta 5ko markagailuari buelta ematea lortu zuten, 8 – 9koa jarriz.
Beraz, Arraioz da 2020ko promozio txapelketako garailea. Nabarmentzekoa da Arraiozek egindako urtea. Birus eta oztopo guztien gainetik, sasoiko daudela erakutsi dute laxoa kopa eta promozio txapelketa irabazita 2020 urte berezi honetan.
Zer da Laxoa?
Laxoa, gaur egun praktikatzen den Pilota modalitate zaharra dugu, eta beste batzuen aitzindari.
Garai batean eskuz jokatzen zen bote-luzea modalitatearen berdina da, larruzko eskularruz eta plaza handixeagoan praktikatzen dena orain.
Garai batean, artzainek mendiko pilotasoro edo soropiletan jolasten zuten. Gero, herrira jaitsi zirenean, joko hau zabaldu eta ikaragarrizko arrakasta izan zuen, Euskal Herriko kirol nagusia izan zelarik XIX. mendeko bigarren erdirarte. Ipar Euskal Herrian, Nafarroan (ospetsuak ziren Iruñeko San Fermin bestetan jokatzen ziren partidak), nahiz Gipuzkoa, Bizkaian eta beste zenbait tokitan ere arrakasta izan zuen Laxoak. XIX. mendearen erdialdean izan zuen bere garairik dizdiratsuena.
Gora behera handiak izan baditu ere, gaur egun osansuntsu dagoela esan dezakegu, azken lau hamarkadetan, urtero hutsik egin gabe, herrien arteko txapelketak, bai helduenak bai gazte eta gaztetxoenak, jokatu dira eta.
Euskal Herriko Txapelketa irabazi du Markina-Xemeinek
Joaneko neurketan bezala, hirutik bi partida irabazi zituzten Markina-Xemeingoek, hartara txapela herrira eraman zutelarik
Antiguako pilota Txapelketako finalistak zehaztu dira
Txapelketako 73. edizioko finalak datorren larunbatean, irailak 4, jokatuko dira goizeko 11etan
Emakumezkoen paleta gomazko Orozko Kup txapelketa aurkeztu dute
Zortzi bikote arituko dira iraila eta urriko asteburuetako 4 jardunaldietan gauzatuko den lehiaketan