MENDI LASTERKETAK
Aritz Lasa eta Aitziber Ibarbia garaile Larraulgo mendi lasterketan
COVID19 gaitzak eragindako iazko etenaldiaren ondotik, pasa den igandean lehiatu zuten berriz ere Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketa. Lasterketaren hamargarren edizio hau ohiko dataz kanpo egin da, izan ere, dena ondo bidean, martxoan antolatu ohi dute.
Aurtengo probarako ez da izen ematea zabaldu, iaz izena emanda zeudenen zerrenda mantendu delako. Hala ere, iaztik izena emanda zeuden 180 korrikalarietatik soilik 30 parte hartu zuten igandean. Eguraldi euritsua eta oraindik egoera normaltasunera iritsi ez izana izan dira antolatzaileen ustetan partehartze urriaren arrazoi nagusiak. Halaber, kontutan hartu behar da, astebukaera berean mendi lasterketa gehiago zeudela Euskal Herrian.
Proba goizeko 10:30ean hasi zen Larraulen, Hernioraino iritsi eta Larraulen bukatu zelarik, guztira 15 kilometro eginez. Lasterketa nahiko bertikala izan zen, igoera eta jaitsiera bakarrak zituelako. Lasterketak iraun zuen tartean ia ateri mantendu zen baina gau osoan euria gogotik egin ondoren ibilbide guztia lokaztuta zegoen eta ingurua arriskutsua zegoen korrika aritzeko.
Gizonezkoetan, Aritz Lasa tolosarra izan zen azkarrena, 1:21:53ko denborarekin, horrelako lasterketa bat irabazten duen lehen aldia izan delarik honakoa. Atzetik, Juan Garikano eta Iban Bengoetxea sailkatu ziren.
Emakumezkoen lehian berriz, Aitziber Ibarbia izan zen lehena 1:46:46ko denbora eginez. Lasterketa hasi eta buka nagusitu zen zizurkildarra, bigarren eta hirugarren postuan sailkaturiko lehiakideak, Marian Roja eta Maialen Segurola, oso atzean izan zituelarik uneoro.
SAILKAPENA
Gizonezkoak
- Aritz Lasa 1:21:53
- Juan Garikano 1:22:38
- Iban Bengoetxea 1:35:12
Emakumezkoak
- Aitziber Ibarbia 1:46:46
- Marian Roja 2:09:00
- Maialen Segurola 2:13:11
Enara Oronoz eta Urko Herran nagusi, Durangoko XIV. Duatloian
Gazteen proba, berriz, Urko Badiolak eta Nahia Arrasatek irabazi zuten
Oier Ariznabarreta eta Maite Maiora nagusitu dira Sara korrika trail lasterketan
Lasterketa ederra izan zen, eguraldi bikaina lagun, orotara 700 parte-hartzaile izan zirelarik
Kosta Trail mendi-lasterketa ekainaren 19an itzuliko da
21 kilometrotako mendi-maratoi erdia lasterketa nagusia izaten jarraitzen du, 20 eta 7km-ko martxak ere lehiatuko direlarik