MENDI LASTERKETAK
Aritz Lasa eta Aitziber Ibarbia garaile Larraulgo mendi lasterketan
COVID19 gaitzak eragindako iazko etenaldiaren ondotik, pasa den igandean lehiatu zuten berriz ere Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketa. Lasterketaren hamargarren edizio hau ohiko dataz kanpo egin da, izan ere, dena ondo bidean, martxoan antolatu ohi dute.
Aurtengo probarako ez da izen ematea zabaldu, iaz izena emanda zeudenen zerrenda mantendu delako. Hala ere, iaztik izena emanda zeuden 180 korrikalarietatik soilik 30 parte hartu zuten igandean. Eguraldi euritsua eta oraindik egoera normaltasunera iritsi ez izana izan dira antolatzaileen ustetan partehartze urriaren arrazoi nagusiak. Halaber, kontutan hartu behar da, astebukaera berean mendi lasterketa gehiago zeudela Euskal Herrian.
Proba goizeko 10:30ean hasi zen Larraulen, Hernioraino iritsi eta Larraulen bukatu zelarik, guztira 15 kilometro eginez. Lasterketa nahiko bertikala izan zen, igoera eta jaitsiera bakarrak zituelako. Lasterketak iraun zuen tartean ia ateri mantendu zen baina gau osoan euria gogotik egin ondoren ibilbide guztia lokaztuta zegoen eta ingurua arriskutsua zegoen korrika aritzeko.
Gizonezkoetan, Aritz Lasa tolosarra izan zen azkarrena, 1:21:53ko denborarekin, horrelako lasterketa bat irabazten duen lehen aldia izan delarik honakoa. Atzetik, Juan Garikano eta Iban Bengoetxea sailkatu ziren.
Emakumezkoen lehian berriz, Aitziber Ibarbia izan zen lehena 1:46:46ko denbora eginez. Lasterketa hasi eta buka nagusitu zen zizurkildarra, bigarren eta hirugarren postuan sailkaturiko lehiakideak, Marian Roja eta Maialen Segurola, oso atzean izan zituelarik uneoro.
SAILKAPENA
Gizonezkoak
- Aritz Lasa 1:21:53
- Juan Garikano 1:22:38
- Iban Bengoetxea 1:35:12
Emakumezkoak
- Aitziber Ibarbia 1:46:46
- Marian Roja 2:09:00
- Maialen Segurola 2:13:11
Oihana Azkorbebeitia: “Euskal ikurrekin eta euskal herritar gisa joaten naiz leku guztietara”
Munduko Kopan hirugarren izan berritan kalakan aritu gara Abadiñoko korrikalariarekin
Javier Goitia eta Zutoia Odriozola, Urduñako mendi lasterketako garaileak
Aurtengo proban, 33 kilometro eta 1.750 metroko desnibel positibokoa, Txolope eta Bedarbide mendiak igo zituzten
Eneko Gurrutxagak eta Maddi Mujikak irabazi dute Adunako mendi duatloia
2021eko Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko irabazleak Enara Oronoz eta Eneko Gurrutxaga izan dira