SURFA

Ariane Otxoa eta Iker Trigueros, Euskadiko surf txapeldunak

by | 2020/09/22

Argazkiak: euskalsurf

Ariane Ochoa eta Iker Trigueros gailendu dira Sopela Kosta Fest jaialdiaren barruan egin den Euskadiko Surf Txapelketan

 

Iragan ostegunean eman zioten hasiera azken urteetan egin den Sopela Kosta Fest jaialdirik berezienari. Pandemiaren eraginez, jaialdia osasun neurri berriei egokitu behar izan dute antolatzaileek, eta, horretarako, ekitaldi bakoitza moldatzeaz gain, jende pilaketa handiak eragozteko apustua egin dute.

Sopela Kosta Fest jaialdiaren barruan, Euskadiko Surf Txapelketa lehiatu zen larunbat zein igandean.  Harrera ezinhobea izan du lehiaketak, guztira 115 partehartzaile izan direlarik. Hiru maila ezberdinetan jokatu zen txapelketa: Open maila (gizonak eta emakumeak) eta Beteranoak. Larunbatean goizeko 07:45etan hasiera eman zioten txapelketari  Open Gizonak mailako partaideak Sopelako Arrietara hondartzan. Emakumeak eta Beteranoak aldiz, igandean aritu ziren nor baino nor gehiago.

Itsas baldintza nahikoa ez-egonkorrekin egin da asteburuan Euskadiko surf txapelketa. Marea bizien eta haize aldakorraren eraginez, olatuak ez ziren nahi bezain onak izan, eta surflariek lanak izan zituzten surfean ondo aritzeko, bai larunbatean, baita igandean ere.

Gizonezkoetan, Iker Trigueros sopeloztarrak jantzi zuen Euskadiko txapela, finalean txapeldunorde izandako Ruben Vitoria, hirugarren postua eskuratutako Bitor Garitaonandia eta laugarren sailkatutako Kai Odriozolaren aurka lehiatu ondoren. Beteranoetan, Haritz Mendiluzek eskuratu zuen garaipena, bigarren postuan Iñigo Iraola sailkatu zelarik.

Emakumezkoetan, Ariane Ochoak irabazi zuen txapelketa, Janire Gonzalez de Txabarri bigarren izan zen, hirugarren postuan Candelaria Resano sailkatu zen, eta Bianca Tye laugarrenean. Hartara, Ochoak Garazi Sanchez ordezkatzen du txapeldun bezala, zeina lehenengo txandan lesionatu eta txapela defendatzeko aukerarik ez zuen izan.

SURFA