EUSKAL PILOTA
Arbe eta Aimar, txapeldun Mutrikun
Danok Bat Pilotazale Elkarteak antolatzen duen Mutrikuko Master Serieseko finala jokatu zen Mutrikuko Miruaitz frontoian ostiral gauean, 22:00etatik aurrera, harmailetan giro bikaina zegoelarik.
Azken orduko aldaketak egon ziren, izan ere, Jon Goenagak positiboa eman zuen PCR frogan eta beraz ezin izan zuen finala jokatu bere ordez Jokin Arbe aritu zelarik. Arbek gaueko lehenengo partiduan jokatu behar zuen (finalerdiak galdu zituzten bi aurrelariak, Goiko eta Goixerri, biak daude lesionatuta, eta horregatik Arberen parte hartzea) Aratz Mendizabalekin batera, eta bera ordezkatzeko Eñaut Urresti mutrikuarra kantxaratu zen pilota jaialdia ireki zuen aurreneko lehian.
Finalerdietan, Barandikak eta Manzisidorrek 2 set eta 0 irabazi zieten Goikoetxeari eta Aratzi. Beste finalerdikoan, Goixerri lesionatu zen. Lehenengo seta irabazita, bigarrenean ere aurretik ziren Lekerika eta biak, baina kantxa utzi behar izan zuen eta ondorioz Goenagak eta Aimar Aldazabalek jokatu zuten finala.
Gauzak horrela, buruz buruko egungo txapelduna den eta berriki Markina-Xemeingo Master Seriesa irabazi duen Jokin Arbek beste titulu bat poltsikoratu zuen, Aimar Aldazabalekin honakoan, Barandika eta Manzisidorri irabaziz.
Lehenengo seta orekatua joan zen baina azkenean Aldazabal eta Arberen alde erori zen, bi tantoen aldeagatik, 13-15. Bigarren jokoan berriz, Barandika eta Manzisidor nagusitasunez aritu ziren kantxa gainean eta garaipen erosoa eskuratu zuten (15-7). Berdinketa hausteko setean erabaki zen beraz txapelaren jabeak nortzuk izango ziren, eta bost tantoetara lehiaturiko joko honetan urdinak nagusitu ziren, 1-5.
Lehenengo partiduan, hirugarren eta laugarren postuak argitzeko balio zuena, Antxonek eta Urangak 9-15, 15-12 eta 2-5 irabazi zieten Urreiztiri eta Mendizabali.
Irati Ruiz de Azua eta Laura Saez Arzamendi Probintzialeko txapeldunak
Elite mailako emakumezkoen gomazko paleta finalean Ane Isasmendi eta Ane Murgari 30-29 irabazita
Hasia da Baztan-Errekako 41. Laxoa Txapelketa
Zortzi talde arituko dira txapelaren bila bi multzotan banatuta, finala abuztuaren 7an izango delarik
Ansa-Labaka eta Urriza-Zalduaren garaipenak
Ansa-Labakak hirugarren garaipena lortu dute eta Urriza-Zalduak 14an utzi dituzte Goikoetxea-Aizpuru