SASKIBALOIA
Araskik uko egin behar izan dio Eurocup txapelketa jokatzeari
Araski Saskibaloi Taldeak ez du datorren denboraldiko Eurokopa jokatuko
Covid19 gaitzak eragindako egoeraren ondorioz, txapelketa eten egin zen bere garaian eta azkenean Endesa Ligako sailkapen definitiboa martxoaren 8an indarrean zegoena izatea erabaki zen.
Hortaz, Araski taldeak kategoria honetan lehiatzen zuen laugarren denboraldian, sailkapen orokorraren bosgarren postua eskuratu zuen, azken lau jardunaldiak bertan behera geratu zirelarik (Gernika, Zaragoza, Extremadura eta Teneriferen aurkako lehiak, hain zuzen ere).
Sailkapeneko bosgarren leku horrek, Europan jokatzeko eskubidea zekarren berarekin, baina tamalez atera berri duten agiri baten bitartez jokatzeari uko egin behar diotela adierazi du talde gasteiztarrak.
Aipatu oharrean adierazten dutenez, Europako trenak itxaron beharko du momentuz. Espainiako Saskibaloi Federazioak e-mail baten bitartez FIBA Europan izena emateko informazio eta dokumentazioa bidali zien, kantxan lortutako eskubidea izanik ligan bosgarren postua lortu baitzuten. Izena emateko eta erantzun ofizialerako azken eguna uztailaren 20a zen.
Egungo egoera aztertuta eta balorazio sakona eginda, Araskik pauso hau emateko momentua ez dela pentsatzen du eta indar guztiak 2020/2021 denboraldiko aurrekontuak betetzeko ahaleginean emango dituela jakinarazi du, izan ere, oraindik ez dauka ziurtatua datorren denboraldian lehiatzeko beharrezkoa den babesletza.
Klubak instituzioen murrizketa garrantzitsuak izan ditu eta babesle berrien bila dabil orain klubaren etorkizuna bermatzeko. Duela gutxi jakin zen ere, RPK kooperatibak ez zuela bere babesle nagusia izaten jarraituko, nahiz eta klubari lotuta jarraituko duen beste modu batera.
Araskik denboraldi bikaina osatu zuen etenaldia iritsi aurretik eta Europan jokatzeak merezitako saria izateaz aparte, Araskiko familiak duen ametsa da, baina arduratsu jokatzea erabaki du klubak gaur egun duen egoera ikusita.
Saskibaloia
Diego Cuadrado eta Laura Garcia azkarrenak Gasteiz Hiriaren 14. edizioan
LASTERKETAK Goizeko 11:00etan eman dio hasiera Jon Esturo EH Kirola Elkarteko kideak Gasteiz Hiria XIV. Herri Lasterketari. 500 bat lagun aurkitzen ziren irteera marraren atzean Gasteiz zeharkatuko zituen 10 kilometroak egiteko prest. Eguraldia lagun, adin...
Aurrera doa Aurrera Emakumezkoen kopan
FUTBOLA/EUSKAL HERRIA KOPA Lehia handiko partida ostiral arratsaldean Olaranben bizi izan genuena. Aurrera de Vitoria indartsu dabil aurten, eta horren erakusgarri da 3-1 nagusitu zitzaiola Arrasateri, gol guztiak 2. zatian. Gipuzkoarrek beren maila hoberena...
Asteburuko emaitzak: Osasuna eta Aurrera, hurrengo fasera
Asteburu honetan lehen faseari dagozkion bi partida jokatu dira EHko Emakumezkoen III. Futbol koparen baitan. Abantok Osasuna hartu zuen etxean larunbatean, eta 2-3ko emaitzarekin nagusitu ziren gorritxoak. Bestalde, igandean, Aurrera de Vitoria erraz gailendu...