XABALINA

Arantza Moreno, urtebete gehiago sailkapen olinpikoa lortzen saiatzeko

by | 2020/04/14

Argazkiak: basqueteam.eus

Lehiaketak bueltatzen direnean, emaitza onak atera beharko ditu munduko rankinean aurrera egin eta Tokiorako txartela eskuratzeko

 

Arantza Moreno 1995ko urtarrilean jaio zen Ermuan eta txikitatik datorkio kirolarekiko grina. Berez, eskubaloiari lotutako familia batetik dator, bere ahizpa nagusia atezaina izandakoa da eta ahizpa txikia, Mirene Moreno, Super Amara BeraBeran jokatzen du Iberdrola ligan.

Bera ere eskubaloian aritu zen urte batzuetan, geroago atletismora pasatu zelarik, diziplina ezberdinetan saiatuz, krosak, pistako lasterketak etabar.

Momentuko zirkunstantzia batzuk zirela medio, 2009an xabalina jaurtiketa probatu zuen oso emaitza onekin eta handik aurrera hau izan du bere modalitate kutunena.

Iazko denboraldian joan zen Arantza Iruñeara bizitzera entrenamendu-taldea aldatu zuelako eta orain Idoia Mariezkurrenaren aginduetara aritzen da Tokiora begira bere maila hobetu nahian.

2020. urtea data garrantzitsua izan behar zuen Arantzarentzat, Joko Olinpikoetan aritzeko sailkapenaren bila buru belarri saiatzeko momentua baitzen berarentzako.

Orain, koronabirusaren pandemiaren eraginez, Jokoak hurrengo urtera atzeratu egin dira (Pariseko Europako Txapelketa ere) eta ermuarrak etxean entrenatzen igarotzen ditu egun hauek, gainontzeko kirolariak lez. Kontutan hartu behar da, xabalina oso modalitate teknikoa dela eta guztiz beharrezkoa duela entrenamendu egokiak garatzea emaitzak hobetzen joateko, ez da beraz egoerarik xamurrena egun bizi duena.

Arantza Morenok ez zuen momentuz Jokoetara txartela eskuan, ta bost lehiaketa ezberdinetan emaitza onak ateratzea beharrezkoa zuen sailkapen olinpikoa eskuratzeko. Emakumezkoen sailkapenerako gutxieneko marka 64 metrotan dago –ermuarraren errekorra 59,69 da- baina munduko rankineko postuaren arabera ere sailkapena lortu daiteke.

Eta hori da hain zuzen ere Morenoren helburua, izan ere, rankineko 32. postutik gorako sailkatutakoak joango dira Jokoetara eta bera 37. postuan zegoen etenaldia gertatu zenean, lehiatzen hasi berriak zirelarik. Ez du erraza izango Joko Olinpikoetarako lekua lortzea baina zalantza barik, berriro lehiaketak bueltatzen direnean hori izango da bere helburu nagusiena.

Aurtengo denboraldia ederki hasi zuen ermuarrak, besteak beste martxoan Motrilen lehiatutako Espainiako jaurtiketa luzeen neguko txapelketa irabazi zuelarik, 58.44 metroko marka eginda. Aurretik, otsailaren 2an lehenengo postua lortu zuen Gasteizen lehiatutako jaurtiketa luzeen Euskadiko Txapelketan.

ATLETISMOA