SURFA

Aranburu eta Erostarbe podiumera igo dira Pantin Classic txapelketan

by | 2020/08/27

Argazkiak: basqueteam.eus

Aritz Aranburuk bigarren postuan amaitu du Abanca Pantin Classic txapelketa gizonezkoen mailan, eta emakumezkoetan  aldiz, Nadia Erostarbe hirugarren izan da

 

Surfaren egoera ez da xamurra inondik inora, World Surf Leaguek antolatzen dituen bi zirkuitu nagusiak geldirik daude datorren urtera arte, eta datozen hilabeteetan txapelketa berezi edo erakustaldiak egingo badituzte ere, betiko ligak bertan behera geratu dira.

Mundu mailako surf zirkuitua bertan behera geratu bada ere,  Pantineko (Galizia) surf txapelketako antolatzaileek lehiaketarekin aurrera egitea erabaki zuten, eta pasa den egunetan jokatu da norgehiagoka,  Aritz Aranburu eta Nadia Erostarbe zarauztarrek bigarren eta hirugarren postuak eskuratu dituztelarik, hurrenez hurren.

Galizian lehiatzen den Pantín Classic Txapelketa pandemiaz geroztik Europa mailan jokatzen den aurreneko surf txapelketa da. Aurtengoa 33. edizioa da eta abuztuaren 18tik 23ra luzatu da lehiaketa, bertan 140 surflari inguru aritu direlarik.

Aurtengo txapelketak aurrekontu txikiagoa izan du eta gainera ez da Munduko Koparako puntuagarria izan baina hala ere punta-puntako surflariak gerturatu dira bertan lehiatzera: Johanne Defay, Joan Duru, Vasco Ribeiro, Maxime Huscenot e.a. Euskal partaidetzari dagokionez,  gizonezkoetan Aritz Aranburu zarauztarra eta Andy Criere donostiarra, eta emakumezkoetan Garazi Sanchez zein Ariane Otxoa bizkaitarrak, Pauline Ado hendaiarra eta Nadia Erostabe zarauztarra azpimarratu ditzakegu. Beraz, Pantin hondartzako olatu luze eta zabaletan, Europako surflari onenetarikoak ikusteko aukera egon zela esan dezakegu.

Nadia Erostarbek maila ona erakutsi du txapelketa osoan zehar, baina larunbatean ez zuen finalerdietan Teresa Bonvalot txapeldunaren aurka jokatutako norgehiagoka gainditzerik lortu, eta hirugarren postuan sailkatu da azkenean. Aritz Aranburu, berriz, iritsi zen finalera, baina Vasco Ribeiro portugaldarrak lortu zuen, azkenean, txapela janztea.

SURFA