HERRI KIROLAK
Arabako Herri-Kirol txapelketak Laudion
Herri kirol modalitate ezberdinetako Arabako Txapelketak lehiatu ziren pasa den ostiralean Laudion, emakumezkoen zein gizonezkoen txinga eta lokotx-bilketa txapelketak, eta lasto-botatze zein zakularien txapelketak jokatu zirelarik.
Arabako mailako txapelketa guzti hauen emaitzak honakoak izan ziren:
Emakumeen Txinga Txapelketan, 25 kiloko txinga erabilita, irabazlea Ruth Linaza izan zen, 15 plaza eta bost metro eginda. Bigarrena, Garbiñe Lopez de Biurrun izan zen, 13 plaza eta hamalaugarrenaren hiru laurdenak (6,70 metro) eginda. Hirugarren postuan, Susana Sanchez sailkatu zen, 11 plaza eta laurden bat (1,73m) eginda. Eta azkenik, laugarrena Maider Etxezabal izan zen, 5 plaza gehi seigarrenaren hiru laurdenak (6,70m) osatuta.
Gizonezkoen Txinga Txapelketan, 50 kiloko txingarekin aritu ziren, Kerman Lopez de Herediak jantzi zuelarik txapela, guztira 30 plaza eginda. Bigarrena Jon Beobide sailkatu zen, 13 plaza eta erdi (bost metro) eginda.
Lokotx bilketa Txapelketan, irabazleak Aritz Ruiz eta Zurine Frutos izan ziren. Aritz Ruizen denbora 6 minutu eta 24 segundutakoa izan zen, eta atzetik honakoak sailkatu ziren: bigarrena Xabier Vegas izan zen (6 minutu eta 37 segundu), hirugarrena Jon Vegas (7 minutu eta 5 segundu) eta laugarrena Guillermo Lopez (7 minutu eta 14 segundu).
Arabako lasto-botatze txapelketan aldiz, Juan Karlos Lopez nagusitu zen. Lopezek 5,20 metro egin zituen eta atzetik Carlos Ruiz de Aretxabaleta izan zen bigarrena, hamar metro eskaxera (5,10m).
Eta azkenik, Arabako Zakularien Txapelketa ere lehiatu zen iragan asteburuan Laudion. Honetan, Guillermo Lopez izan zen garailea, 37,75 segundutako denborarekin. Bigarrena, Juan Carlos Lopez izan zen, 39,34 segunduko denborarekin eta hirugarrena berriz, Angel Gomez (49´´38).
Aizkolariek beraiek antolatutako Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute
Desadostasunak tarteko, aizkolariek ez dute parte hartuko federazioak antolatu ohi duen txapelketan
Goiherrik irabazi du Bizkaiko sokatira txapelketa
Bi jardunaldiak irabazi eta guztira 10 puntu eskuratu zituen. Bigarren Gaztedi geratu zen 8 punturekin eta Akelarre hirugarren 6 puntu pilatuta
Bizkaiko Herri-kirol txapelketak Diman
Txapeldunak: Lasto Botatzean Beñat Obieta, Lasto altxatzean Beñat Amade eta Txinga erutean Nerea Egurrola