HERRI KIROLAK/AIZKORA

Aizkolariek beraiek antolatutako Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute

by | 2020/09/25

Argazkiak: egursport.com

Euskal Herriko Herri Kirol Federazioarekin dituzten desadostasunak tarteko, aizkolariek ez dute parte hartuko federazioak antolatu ohi duen txapelketan eta beren ekimenez sortutako Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute urria eta azaroa artean.

Asteazkenean egin zuten prentsaren aurrean agerraldia hogei aizkolarik, Diman (Bizkaia) Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatu ohi duen Euskal Herriko Txapelketan parte hartzeari uko egingo diotela jakinarazteko. Aizkolariek azaldutakoaren arabera, Lehen Mailako hamabi aizkolarik eta Bigarren Mailako zortzik, beraiek antolatutako Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute aurten.

Euskal Herriko txapela bost aldiz jantzi duen Aitzol Atutxak eta Iker Vicente egungo txapeldunak egin zituzten bozeramaile lanak baina aditzera eman zuten idazkia, Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi, Eneko Otaño, Iñaki Azurmendi, Jon Rekondo, Jesus Mari Mujika, Ugaitz Mugertza, Aitzol Atutxa, Jon Irazu, Rubén Saralegi, Juanjo López, Eloy Corchero, Iroitz Gisasola, Julen Kañamares, Julen Larrea, Aratz Mugertza, Axier Pellejero, Eneko Saralegi eta Arkaitz Jauregiren sinadura zeraman.

Aizkolariek azaldu zuten, kezkatuta daudela aizkoraren egungo egoerarekin eta federazioarekin dituzten desadostasunekin. Egungo egoerara aspaldi iritsi zirela, eta egungo osasun larrialdiak egoera azaleratu besterik ez duela egin azaldu zuten aizkolariek.

Izan ere, bat egindako aizkolariek azpimarratu dute txapelketaren antolaketatik harago doazela aizkolariak federazioarekin dituzten desadostasunak, eta adierazi dute haiek azken urteetan eskatutakoak ez direla bete.

Zenbait adibide plazaratu zituzten. Besteak beste, webgunea ez eguneratzea, sare sozialik ikusi nahi ez izatea, zabalkunde antzua, aurrerapausorik eza, eta dieten nahiz diru sarien murriztea.

Joan zen ekainaren 29an federazioak Euskal Herriko txapelketak ez antolatzeko erabakia ezagutarazi eta gero, erakundean dagoen utzikeriaz ohartu ziren kirolariak eta bide propioa jorratzea erabaki zuten orduan.

Abuztuaren 20an berriz beste ohar bat kaleratu zuen federazioak, txapelketak jokatuko zirela iragartzeko, eta egoera horren aurrean aizkolariek erabaki beharra zuten, biak aurrera atera, biak bertan behera utzi edota bietako bat aukeratu.

Azkenaren aldeko hautua egin dute, eta esan dute federazioak antolatutako txapelketetara ez direla joango. Agerraldiarekin bat egin zuten bigarren mailako zortzi aizkolariek ere beren kabuz jokatuko dute lehiaketa, oraindik data eta lekua ezartzeke dituzten arren. Eloy Corcherok eta Julen Larreak hitz egin zuten haien izenean.

Horrez gain, aizkolariek elkarte bat sortzeko beharra sumatu dute, aizkolari guztien arteko lotura lana egingo duen elkartea, guztien interesak defendatuko dituena eta etorkizunean txapelketak antolatzeko ekimena izango duena.

Gauzak horrela, beren aldetik lehiaketa bat prestatzea erabaki dute aizkolariek. Guztira 12 aizkolarik hartuko dute parte eta bi jardunaldi izango ditu: urriaren 25ean jokatuko dute kanporaketa Zestoan, eta hamabi aizkolarietatik seik egingo dute aurrera, horiek azaroaren azken asteburuan Iruñean jokatuko den final handira sailkatuko direlarik. Lehia federatiboaren molde bereko txapelketa izango da, egin beharreko lanak berdinak izango direlarik.

Share This