EUSKAL PILOTA
Ansa II.a eta Martirena finalerdietara sailkatu dira
Ansa II.a eta Martirenak irabazi egin zuten pasa den ostegunean, abenduak 2, Goikoetxea eta Barrenetxearen kontra Binakako erremonte Txapelketaren bosgarren jardunaldian. Bikote urdinak 33-40 irabazi zuen, eta emaitza horrekin finalerdietara sailkapena zein ligaxkako aurreneko postua erdietsi zuten, jokaturiko hiru partidetan hiru garaipen eskuratuta. Goikoetxeak eta Barrenetxeak berriz, puntu bakarra lortu zuten eta sailkapeneko bigarren postuan mantentzen dira.
Partidua berdindua joan zen amaierara arte. Hasieran, gorriak joan ziren aurretik 11-8, baina 0-6ko partzialarekin urdinak aurrea hartu zuten: 11-14. Berdinketak egon ziren, nahiz eta urdinek hiru eta lau tantoko abantailak lortzen zituzten, 15-18 edo 21-25ekoan. Tanto bakarra eta bi tantoko aldearekin iritsi ziren une erabakiorrera eta, hor, Ansak hartu zuen aginte makila.
Azken hamar tantoetan urdinek ihes egin zuten 0-5eko partzialari esker. 31-33ko markagailutik 31-38ra pasa ziren eta, azkenean, 33-40 itxi zen norgehiagoka.
Ansa izan zen, berriz ere, partiduko erremontistarik onena. 20 tanto egin zituen eta 4 akats. Gainera, zazpi tanto amaitu zituen bi pareteko jokaldiarekin. Martirenak ongi lagundu zuen partidu bizia sortuz. Sakearekin, zazpi tanto egin zituen eta peloteoan sei. Gorrietan Barrenetxeak, beste behin, partidu ona jokatu zuen. 17 tanto egin zituen, horietatik sei sakearekin, baina Goikoetxeak errestoan ez zuen konfidantzarik izan eta, agian, hortik egin zien ihes garaipenak. Bi puntu merezi zituzten, nahiz eta azkenean bakarra lortu zuten.
Dagoeneko bost jardunaldi jokatu ostean, sailkapen nagusia honela dago:
Ansa II.a-Martirena 12 puntu
Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a 5 puntu
Urriza- Labaka 4 puntu
Segurola-Larrañaga 1 puntu
Juanenea-Aizpuru III.a 1 puntu
Hondarribiako Grand Slam Txapelketako finalerdiak jokatu dira
Urriaren 16an jokatuko da finala, Goikoetxea-Irastorza eta Beaskoetxea-Lopez bikoen artean
Urriaren 18an hasiko da Emakume Master Cupeko lau eta erdikoa
Guztira, 92 pilotarik eman dute izena, 32 pilota mistoarekin eta 60 pilota goxoarekin, urriaren 18an Larrabetzun hasiko den txapelketan
Lopetegi-Karrikaburu bikoteak irabazi du II. San Migel Xare Irekia
40 eta 33ko emaitzarekin irabazi zioten Etxeberri-Funosas bikoteari