EUSKAL PILOTA
Ansa II.a eta Martirena finalerdietara sailkatu dira
Ansa II.a eta Martirenak irabazi egin zuten pasa den ostegunean, abenduak 2, Goikoetxea eta Barrenetxearen kontra Binakako erremonte Txapelketaren bosgarren jardunaldian. Bikote urdinak 33-40 irabazi zuen, eta emaitza horrekin finalerdietara sailkapena zein ligaxkako aurreneko postua erdietsi zuten, jokaturiko hiru partidetan hiru garaipen eskuratuta. Goikoetxeak eta Barrenetxeak berriz, puntu bakarra lortu zuten eta sailkapeneko bigarren postuan mantentzen dira.
Partidua berdindua joan zen amaierara arte. Hasieran, gorriak joan ziren aurretik 11-8, baina 0-6ko partzialarekin urdinak aurrea hartu zuten: 11-14. Berdinketak egon ziren, nahiz eta urdinek hiru eta lau tantoko abantailak lortzen zituzten, 15-18 edo 21-25ekoan. Tanto bakarra eta bi tantoko aldearekin iritsi ziren une erabakiorrera eta, hor, Ansak hartu zuen aginte makila.
Azken hamar tantoetan urdinek ihes egin zuten 0-5eko partzialari esker. 31-33ko markagailutik 31-38ra pasa ziren eta, azkenean, 33-40 itxi zen norgehiagoka.
Ansa izan zen, berriz ere, partiduko erremontistarik onena. 20 tanto egin zituen eta 4 akats. Gainera, zazpi tanto amaitu zituen bi pareteko jokaldiarekin. Martirenak ongi lagundu zuen partidu bizia sortuz. Sakearekin, zazpi tanto egin zituen eta peloteoan sei. Gorrietan Barrenetxeak, beste behin, partidu ona jokatu zuen. 17 tanto egin zituen, horietatik sei sakearekin, baina Goikoetxeak errestoan ez zuen konfidantzarik izan eta, agian, hortik egin zien ihes garaipenak. Bi puntu merezi zituzten, nahiz eta azkenean bakarra lortu zuten.
Dagoeneko bost jardunaldi jokatu ostean, sailkapen nagusia honela dago:
Ansa II.a-Martirena 12 puntu
Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a 5 puntu
Urriza- Labaka 4 puntu
Segurola-Larrañaga 1 puntu
Juanenea-Aizpuru III.a 1 puntu
Aldaregia eta Ruiz de Larramendik irabazi dute Basaburu eta Imotzeko pilota txapelketa
Aldaregiak eta Ruiz de Larramendik 22-12 irabazi zieten finala Salsamendi eta Mendibururi
Bizkaia Txapelketako lehenengo jardunaldia jokatu da
A. Aldai-O. Orbegozo 18 / L. Garai-M. Ruiz de Larramendi 22 eta A.Ruiz de Infante-O. Ruiz de Larramendi 13 / O.Arrizabalaga-N.Agirre 22
Paxaka txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu dute Iruritan
Aurreneko jardunaldien emaitzen ondorioz, dagoeneko talde batzuk aurrea hartzen hasi dira sailkapen nagusian