EUSKAL PILOTA
Ane Isasmendi eta Irati Ruiz de Azua, txapeldun
Ane Isasmendi eta Irati Ruiz de Azua garaile, finalean Haizea Salanueva eta Ane Aldamari 30-10 irabazita
Arabako Pilota Federazioak antolaturiko Green Capital emakumezkoen gomazko paletako X. Torneoaren finala jokatu zuten pasa den ostegunean Ogeta pilotalekuan, goizeko 11:00etan hasita, Ane Isasmendi-Irati Ruiz de Azua eta Haizea Salanueva-Ane Aldama bikoteak aritu zirelarik nor baino nor gehiago txapela eskuratu asmoz.
Haizea Salanueva eta Ane Aldamak finalerako txartela eskuratu zuten azken jardunaldian Ane Ibañez eta Irati Alavari 30-23 irabazi ostean. Aldama atzealdean nagusitu egin zen eta ondorioz Salanuevak tantoak amaitzeko aukerak baliatu zituen. Hartara, Torneoko bigarren atzelari zein aurrelari onenak izanda sailkatu ziren finalerako.
Aurretik, sailkatuak zeuden dagoeneko Ane Isasmendi eta Irati Ruiz de Azua, Torneoko aurrelari zein atzelari onenaren saria eskuratuta, aurrelari guztiak atzelari guztiekin jokatu dutelarik txapelketan zehar.
Faboritoak ziren Isasmendi eta Ruiz de Azua adinean nagusiagoak izanagatik eta eskarmentu haundiagoa izanagatik eta ez zuten hutsik egin, garaipen argia eskuratu zutelarik. Hala ere, azpitxapeldunek partidu txukuna egin zuten eta orohar merito haundiko tantoak ikusi ziren, nahiz eta piloteoan erabat nagusitu ziren garaileek. Ane Isasmendi eta Irati Ruiz de Azua Araba mailako gaur eguneko bi pilotari onenetarikoak dira eta hasi eta buka dominatu zuten norgehiagoka, azkenean, esan bezala, 30-10 nagusitu zirelarik.
Emakumezkoen Palako X. Green Capital Txapelketa. Gomazko paleta
Gomazko pilota trinkoarekin jokatu den emakumezkoen paletako txapelketa da honakoa, uztailaren 28an hasitakoa, non Eliteko 8 jokalarik hartu duten parte, bikoteak txandakatuz. Aurrelari eta atzelari onenek, tanteoaren arabera, 2021eko abuztuaren 5ean finala jokatu duten bikoteak osatu dituzte.
Miren Larrartek ez du Emakume Master Cupeko finala jokatuko
Leire Garai izango da bere ordezkoa Irunen jokatuko den pilota mistoko finalean
Emakume Master CUP txapelketaren itzulerako datak ezarri dituzte
Falta diren finalerdiak ekainaren 26an jokatuko dira eta finalak ekainaren 28an
Kepa Arrotajauregi gogoan
Atzo hil zen, 48 urterekin. Pilota munduak kolpe handia jaso du haren heriotzarekin