MENDI LASTERKETAK
Amets Aranberri eta Aitziber Urkiola gailendu dira Aiako XI.Mendi Lasterketan
Baldintza gogorrekin jokatu zen pasa den igandean Aiala Kirol elkarteak antolaturiko Aiako mendi lasterketaren hamaikagarren edizioa, non Amets Aranberri eta Aitziber Urkiola izan ziren irabazleak, 1:10:59 eta 1:30:17 denborekin, hurrenez hurren.
Lokatzez betetako mendi ibilbidea izan zen, giro euritsu eta hotzarekin, gailurrean elurra ere egin zuelarik. Hala ere, helmugara hurreratu ahala, atertu egin zuen, eta probaren amaieran giro polita sortu zen herriko plazan.
Lasterketa goizeko 10:30ean hasi zen, eta korrikalariek herriko plazatik ekin zioten lehiari. Denera 276 lasterkari izan zituen probak, 231 gizonak eta 45 emakumeak.
Ohi bezala, parte hartzaileek 14,6 kilometroko ibilbidea egin zuten Pagoetan barrena, eta egunotan pilatutako euriaren ondorioz, lokatzez beteta ailegatu ziren denak helmugara.
Gizonezkoen artean, Amets Aranberri izan zen lehena helmugaratzen, nahiz eta Oier Ariznabarreta aldearekin ibili zen lasterketaren buruan zati handienean. Baina azken honek azken hiru kilometroetan deskuiduren bat izan eta ibilbidetik atera zen, garaipena Aranberriren esku utziz. Hala, gizonezkoen probaren irabazleak 1:10:50 denbora eginda lortu zuen txapela janztea. Ariznabarreta bigarren izan zen azkenean, 1:11:02 denborarekin, eta hirugarren Josu Urrestarazu (1:11:08) sailkatu zen.
Emakumezkoei dagokienez, Aitziber Urkiolak jantzi zuen txapela, 1:30:17 denborarekin. Hasieratik hartu zien aurrea beste lehiakideei, eta bere erritmoan egin zuen lasterketa osoa, azkenean garaipen erosoa eskuratu zuelarik, 1:30:17 denborarekin. Irati Larrañagak (1:31:15) bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, eta hirugarren sailkatu zen Leire Elola (1:32:18).
SAILKAPENAK
Gizonezkoak
- Amets Aranberri 1:10:50
- Oier Ariznabarreta 1:11:02
- Josu Urrestarazu 1:11:08
Emakumezkoak
- Aitziber Urkiola 1:30:17
- Irati Larrañaga 1:31:15
- Leire Elola 1:32:18
Nahia Quincoces-Igone Campos eta Aitor Ajuria-Asier Alonso, Binakako Eski txapeldunak
Euskal Selekzioko emakumezkoen bikoak ere garaipena lortu zuen 2022ko Gran Altitoy-Ternua lasterketan
Asier Larruzea eta Oihana Azkorbeitia EMFKopa-ko lehen liderrak
Larunbat honetan, Bediako VI. Kolazino Mendi Egunak EMF Kopako zirkuituko lehen proba puntuagarria hartu zuen
Zabaldu dute Sare Eguneko krosean izena emateko epea
Maiatzaren 21ean, larunbata, izango da Sare Eguna, eta 12:00etan egingo dute krosa