KIROLA ETA EUSKARA
Amaia Castresana: “Baliabide gutxi dugu urrats gehiago emateko”
Argazkiak: araski.com
Araski, emakumezkoen saskibaloi klubak, ahaleginak egiten ditu euskararen erabilera normalizatzeko. Hizkunz politikaren alorrean erreferentetzat dute aldundiak, udalak eta federazioak.
Amaia Castresanak (Gasteiz,1989) ez du gauza askorik egiten duten sentsazioa. Ofizialki idazkaria eta diruzaina izan arren denetik egitea tokatzen zaio, klubeko beste hainbati bezala. Administrazio lanak, komunikazio kontuak eta euskararen ardura ere daramatza bizkarrean gure solaskideak. Urrats gehiago emateko baliabide gutxi dituztela adierazi du.
Kontaiguzu mesedez, zer egiten duzue klubean euskara sustatzeko?
Hasteko klubaren ezagugarri nagusiak aipatzea inportantea deritzot. Araski orain dela hamar urte, 2010an sortu zen, emakumezkoen saskibaloi indartsu bat egiteko asmoz, Araban zeuden bi talde, Abaroa B eta UPV, bat eginda. Hasieren 6 edo 7 talde genituen, eta egun 25 talde ditugu, 250 kide (gehi 40 entrenatzaile gutxi gora behera), 6 urtetatik aurreragoko neskekin. Horrez gain azpimarratu nahi dut Euskal Herrian saskibaloiko lehen mailan dauden hiru taldeetako bat dela, Gernika eta Donostiarekin batera -Nafarroako Zizur Nagusia bigarren mailan dago-, eta azpimarratzekoa da Arabako beste 6-7 klubekin daukagula konbenioa, non ekintzak elkar egiten ditugun.
Saiatzen gara talde guztietan gutxienez entrenatzaile bat euskalduna izan dadin, eta ahal bada biak. Baina, egia esan, beti ez dugu lortzen. Zailtasunak izaten ditugu.
Kartelak, idazkiak eta orohar komunikazio guztiak, bi hizkuntzatan egiten ditugu.
Webgunea ere bi hizkuntzatan dugu, sarritan hainbat berri euskaraz jartzeko gaitasunik ez badugu ere.
Saskibaloira zuzendutako hiztegi bat egin genuen ere.
Kirolari guztiei galdetegi bat egiten diegu izena ematen dutenean, eta horrela duten hizkuntz trebetasunaren berri dugu.
Gauza gehiago egin daitezke, baina esango nuke talde profesionala alde batera utzita, kanpoko jokalariak daudelako, entrenamenduetan gutxi gorabehera %70a egingo dela euskaraz.
Nola zaudete egituratuta? Baduzue euskara batzorderik?
Modu arautuan ez dugu euskara batzorderik ez ezer. Kontuan izan orain 10 urte hasi gineneko talde berberak daramala kluba aurrera eta esan dizut lehen zenbat hazi garen, 6 edo 7 talderekin hasi eta egun 25 ditugu… Ez gara iristen modu arautuan jardutera.
Orain bizpahiru urte aldundiarekin eta udalarekin bilera batzuetan parte hartu genuen, baina besterik ez.
Laguntzarik baduzue klubean euskara bultzatzeko?
Laguntza ekonomikorik ez dugu jasotzen. Ez dakit dauden ala ez, baina guk ez dugu jasotzen. Agian gure ardura izango da ez garelako enteratzen baina errealitatea hori da: ez dugu jasotzen.
Orain dela urte batzuetatik hona Emun enpresaren aholkularitza dugu. Pauta batzuk ematen dizkigu. Horietako asko lehenago ere gauzatzen genituen baina era sistematikoagoan jarraitzen ditugu orain.
Udalak itzulpenak eginez ere lagundu gaitu, baina zuzeneko laguntza ekonomikorik ez dugu jasotzen.
Zer eskatuko zenioke instituzioei eta gizarteari?
Giza baliabide gutxi ditugu eta ekonomikoak ere juxtuak. Gizarteari irabazi asmorik gabeko elkarteetan lagundu dezala eskatuko nioke. Eta instituzioek badute zeregina. Guk entrenatzaile euskaldunak izateari garrantzi handia ematen diogu, eta zailtasun handiak izaten ditugu topatzeko. Agian entrenatzaileei euskara ikasteko baliabideak eman behar zaizkie, online badira ere.
KIROLA ETA EUSKARA
Kirolariak euskaraz adierazteko eskubidearen alde
‘Gu ere bai’ ekimenak kontzentrazioa deitu du urriaren 3an, ostirala, San Mames ondoan, kirolariak euskaraz adierazteko eskubidea defendatzeko
Gorka Leunda: «Kirolaren garapena hobetzeko aldaketa estrukturalak bultzatzen ditugu»
Avento Kirol Aholkularitza-ko arduradunarekin elkarrizketa, Euskal Kirol Esparruari buruz
SD Eibar, euskararen erabilera sendotzen
Eibar Kirol Elkarteko Euskara Batzordea: «Gure bitarteko nagusia Euskara Batzordea bera da eta hortik sortzen den kudeaketa plana»