MENDIA
Alex Txikonek amaitutzat eman du Manaslurako espedizioa
Guztira bi hilabete inguru Manaslu inguruan eman ta gero eta tontorreraino (8.156) birritan igotzen saiatu ondoren, elurrak eta haizeak helburua gauzatzea ezinezkoa egiten dutela ikusita, Alex Txikonek etxera itzultzeko erabakia hartu du.
Lemoako alpinistak eta bere espedizioko kideek eguraldiaren iragarpenaren zain egon dira azken egunotan baina egoerak hobera egiten ez duela ikusita, eta bertan egoteko baimena agortzen zaiela kontutan izanda, Txikonek berak bere sare sozialetan iragarri du ManasluEki espedizioa bukatutzat ematen duela.
Alex Txikonek eta bere taldeak Manasluko tontorrera iristeko bigarren saiakera egin zuten aurreko igandean, baina haizearen eraginez bertan behera utzi behar izan zuten. Manaslun egoteko denbora mugatua izanda, azkenera arte ahalegindu dira gailurra zapaltzeko beste saiakera bat burutzen, alferrik baina.
Eguraldiak ezinezkoa bihurtu du eta taldeak larunbatean hasi zituen behe-kanpalekua batzeko lanak eta igandean amaitu zituzten, baimenaren azken egunean hain justu.
Aurreko egunetan, Txikon, Gelum, Cheppal eta Namja bigarren kanpalekura igo ziren bertan eta lehen kanpalekuan utzitako biltegiak hartzera. Txikonek azaldu duenez, ezinezkoa egin zaie hirugarren kanpalekuko biltegietara iristea, elurra gerrira arte iristen zelako eta haizete handia zegoelako.
Gauzak horrela, Txikonek amaitutzat eman du 2020ko abenduaren 31n hasitako abentura, Simone Moro italiarrarekin, Zumarragako Iñaki Alvarezekin eta beste kide batzuekin batera.
Oso gertu izan dute gailurra, baina azkenean ezin izan dute helburua lortu, izan ere, eguraldiak ez du hobera egingo gutxienez hamar egun igaro arte, eta gero gainera ez dago jakiterik nola jarraituko duen. Beraz, oso arriskutsua zen baimena luzatzea eta honenbestez espedizioa bertan behera uzteko deliberoa hartu dute. Bizkaitarrak eskerrak eman dizkie denbora luze honetan babesa eta animoak bidali dizkioten guztiei.
Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren egutegia zehaztu da
Lehenengo proba irailaren 5ean izango da Igantzin, eta azkenekoa azaroan Adunan oraindik zehaztu gabeko datan
Gorbeia Suzien 2020 aurreikusitako datan mantentzen da
Skyrunner World Series zirkuitua bertan behera geratuta ere, irailaren 27an egingo dute proba Zeanurin
Mendi lasterketetako Euskal Selekzioaren kirolariak ezagutzen
Ander Iñarra, Euskal Selekzioko mendi korrikalariari egindako elkarrizketa