MENDIA
Alex Txikonek amaitutzat eman du Manaslurako espedizioa
Guztira bi hilabete inguru Manaslu inguruan eman ta gero eta tontorreraino (8.156) birritan igotzen saiatu ondoren, elurrak eta haizeak helburua gauzatzea ezinezkoa egiten dutela ikusita, Alex Txikonek etxera itzultzeko erabakia hartu du.
Lemoako alpinistak eta bere espedizioko kideek eguraldiaren iragarpenaren zain egon dira azken egunotan baina egoerak hobera egiten ez duela ikusita, eta bertan egoteko baimena agortzen zaiela kontutan izanda, Txikonek berak bere sare sozialetan iragarri du ManasluEki espedizioa bukatutzat ematen duela.
Alex Txikonek eta bere taldeak Manasluko tontorrera iristeko bigarren saiakera egin zuten aurreko igandean, baina haizearen eraginez bertan behera utzi behar izan zuten. Manaslun egoteko denbora mugatua izanda, azkenera arte ahalegindu dira gailurra zapaltzeko beste saiakera bat burutzen, alferrik baina.
Eguraldiak ezinezkoa bihurtu du eta taldeak larunbatean hasi zituen behe-kanpalekua batzeko lanak eta igandean amaitu zituzten, baimenaren azken egunean hain justu.
Aurreko egunetan, Txikon, Gelum, Cheppal eta Namja bigarren kanpalekura igo ziren bertan eta lehen kanpalekuan utzitako biltegiak hartzera. Txikonek azaldu duenez, ezinezkoa egin zaie hirugarren kanpalekuko biltegietara iristea, elurra gerrira arte iristen zelako eta haizete handia zegoelako.
Gauzak horrela, Txikonek amaitutzat eman du 2020ko abenduaren 31n hasitako abentura, Simone Moro italiarrarekin, Zumarragako Iñaki Alvarezekin eta beste kide batzuekin batera.
Oso gertu izan dute gailurra, baina azkenean ezin izan dute helburua lortu, izan ere, eguraldiak ez du hobera egingo gutxienez hamar egun igaro arte, eta gero gainera ez dago jakiterik nola jarraituko duen. Beraz, oso arriskutsua zen baimena luzatzea eta honenbestez espedizioa bertan behera uzteko deliberoa hartu dute. Bizkaitarrak eskerrak eman dizkie denbora luze honetan babesa eta animoak bidali dizkioten guztiei.
Aurten ere ez da Leharrei mendi lasterketa egingo
2022ko edizioa betiko eran antolatzeko modua izateko esperantza agertu dute antolatzaileek
Hilabete baten buruan hiru lasterketa lehiatuko dira Altsasun
Otsailaren 14ko Nafarroako Kros Luzea, otsailaren 21eko Nafarroako Duatloi Txapelketa, eta martxoaren 20ko Altsasuko Duatloia
Senpereko Traila bertan behera utzi dute
Jadanik hurrengo urteari begira jarri dira antolatzaileak, izan ere, 2022ko martxoaren 12an edo 13an lasterketa antolatzeko asmoa plazaratu dute