EUSKAL PILOTA
Aldaregia eta Ruiz de Larramendik irabazi dute Basaburu eta Imotzeko pilota txapelketa
Argazkiak: Gartzaron Pilota
Pasa den larunbatean jokatu zen Latasan Basaburu eta Imotzeko pilota txapelketako finala, non Andrea Aldaregia-Maite Ruiz de Larramendi eta Laia Salsamendi-Ane Mendiburu bikoteak aritu ziren nor baino nor gehiago txapelaren bila, eguerdiko hamabietatik aurrera.
Zortzi bikotek hartu dute parte aurtengo txapelketan, zeina pilotaleku ezberdinetan jokatu den. Multzokako fasearekin ekin zitzaion lehiaketari eta talde bakoitzeko bikote onena pasatu zen hurrengo fasera, finalerdietara alegia.
Laia Salsamendik eta Ane Mendiburuk denboraldi hasiera bikaina egin dute, multzoetako ligaxkan partida guztiak irabazita heldu ziren hurrengo fasera eta finalerdietan 22-20 irabazi zieten Lerei Garai eta Uxue Osesi.
Bigarren finalerdia ez zen hain orekatua izan eta bertan Andrea Aldaregia eta Maite Ruiz de Larramendik aise gainditu zuten bikote aurkaria, Naroa Agirre eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurrean 22-8 nagusitu zirelarik.
Azkenean, larunbatean jokatutako final haundian, pilotari beteranoenak nagusitu ziren, Aldaregiak eta Ruiz de Larramendik 22-12 irabazi zietelarik Salsamendi eta Mendibururi.
Atzealdean oso seguru egon zen Ruiz de Larramendi eta Mendibururi gain hartu zion partiduko momentu gehienetan. Aurrealdean Aldaregiak oso ondo mugitu zuen pilota eta Salsamendik aldiz ez zuen bere mailarik onena eman.
Finaleko datuak:
Laia Salsamendi: 6 akats (1 ezkerraz – 3 eskuinaz – 2 airez), 6 tanto eginak (5 dejadaz eta 1 gantxoa jota)
Ane Mendiburu: 6 akats (3 ezkerrarekin eta beste horrenbeste eskuinarekin), 2 tanto eginak (1 pilota moztuaz-1 dejadaz).
Maite Ruiz de Larramendi: 3 pilota galduak (1 ezkerraz – 1 eskuinaz -1 airez), 6 tanto eginak (3 pilota moztuaz -2 dejadaz -1 bolea jota).
Andrea Aldaregia: 1 galdua (eskuinaz), 4 eginak (3 pilota moztuz – 1 bi paretaz)
Hastear da Emakumezkoen IV. Eskupilota Bizkaia Txapelketa
Txapelketa martxoaren 18tik apirilaren 22ra bitartean jokatuko da Bizkaiko hiru pilotalekutan
Goikoetxeak eta Aldazabalek finalerako txartela lortu dute
Jean Olharan eta Nicolas Etcheto mendean hartuta (15-10, 8-15 eta 5-2)
Aldai-Capellan eta Arrizabalaga-Gaminde bikoteek jokatuko dute Binakako finala
Promozio mailan, Ainhoa Romero-Irati Zabala zein Nagore eta Leire Galeano ahizpak izango dira aurrez aurre finalean