EUSKAL PILOTA
Aldaregia eta Ruiz de Larramendik irabazi dute Basaburu eta Imotzeko pilota txapelketa
Argazkiak: Gartzaron Pilota
Pasa den larunbatean jokatu zen Latasan Basaburu eta Imotzeko pilota txapelketako finala, non Andrea Aldaregia-Maite Ruiz de Larramendi eta Laia Salsamendi-Ane Mendiburu bikoteak aritu ziren nor baino nor gehiago txapelaren bila, eguerdiko hamabietatik aurrera.
Zortzi bikotek hartu dute parte aurtengo txapelketan, zeina pilotaleku ezberdinetan jokatu den. Multzokako fasearekin ekin zitzaion lehiaketari eta talde bakoitzeko bikote onena pasatu zen hurrengo fasera, finalerdietara alegia.
Laia Salsamendik eta Ane Mendiburuk denboraldi hasiera bikaina egin dute, multzoetako ligaxkan partida guztiak irabazita heldu ziren hurrengo fasera eta finalerdietan 22-20 irabazi zieten Lerei Garai eta Uxue Osesi.
Bigarren finalerdia ez zen hain orekatua izan eta bertan Andrea Aldaregia eta Maite Ruiz de Larramendik aise gainditu zuten bikote aurkaria, Naroa Agirre eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurrean 22-8 nagusitu zirelarik.
Azkenean, larunbatean jokatutako final haundian, pilotari beteranoenak nagusitu ziren, Aldaregiak eta Ruiz de Larramendik 22-12 irabazi zietelarik Salsamendi eta Mendibururi.
Atzealdean oso seguru egon zen Ruiz de Larramendi eta Mendibururi gain hartu zion partiduko momentu gehienetan. Aurrealdean Aldaregiak oso ondo mugitu zuen pilota eta Salsamendik aldiz ez zuen bere mailarik onena eman.
Finaleko datuak:
Laia Salsamendi: 6 akats (1 ezkerraz – 3 eskuinaz – 2 airez), 6 tanto eginak (5 dejadaz eta 1 gantxoa jota)
Ane Mendiburu: 6 akats (3 ezkerrarekin eta beste horrenbeste eskuinarekin), 2 tanto eginak (1 pilota moztuaz-1 dejadaz).
Maite Ruiz de Larramendi: 3 pilota galduak (1 ezkerraz – 1 eskuinaz -1 airez), 6 tanto eginak (3 pilota moztuaz -2 dejadaz -1 bolea jota).
Andrea Aldaregia: 1 galdua (eskuinaz), 4 eginak (3 pilota moztuz – 1 bi paretaz)
Juanenea eta Endika sailkatu dira finalerdirako
Juaneneak 29-30 irabazi zion Endikari eta horrenbestez biak izango dira finalaurrekoan. Barrenetxea aldiz, kanporatua izan da
II. San Migel Xare Txapelketako lehenengo jardunaldia jokatu da
Bi partida jokatu ziren: Driolet-Moncadak 40, Larronde-Algaranondo 36 eta De Paredes-Borteyru II 40, Borteyru III-Sistiage 29.
Janire San Sebastianek eta Naiara Fernandezek irabazi dute emakumeen II. pala txapelketa
Alaia Azkuek eta Kistiñe Astigarragak osaturiko bikoteari 22 eta 18 irabazita, Odieta pilotalekuan jokatutako finalean