EUSKAL PILOTA
Aldai-Orbegozo eta Espinar-Agirre, Emakume Master Cupeko finalean
Argazkiak: emakumemastercup.eus
Amaia Aldai-Oihana Orbegozo eta Patri Espinar-Naroa Agirrek jokatuko dute Binakako Master LABORAL KUTXA Txapelketako finala, hilaren 20an, Arrigorriagan (Bizkaia). Derion jokatutako finalerdietan, Aldai-Orbegozok nagusitasunez irabazi diete Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldairi: 22-12. Askoz borrokatuagoa izan zen bigarren finalerdia, eta horretan Espinar-Agirre 22-18 nagusitu zaizkie Ruiz de Infante-Arrillagari.
Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketako finalerdiak jokatu zituzten igande eguerdian, 12:00etan hasita. Pilotan aritzeko egoerarik onenak ez ziren arren –hotz handia egiten zuen pilotalekuan eta, osasun larrialdiak eraginda, pilotariek ez dute azken asteetan nahi izango zuketen jarraikortasunik izan– emakume hauek oztopo guztiei aurre egiteko kuraia dutela erakutsi zuten Derion eta ikuskizun polita eskaini zuten, nahiz eta gehienei kosta egin zitzaien frontoian euren lekua topatzea.
Lehen finalerdiak bi zati oso desberdin izan zituen, orekatua eta lehiatua hasieran eta erabat urdina bigarren zatia. Lehen erdian, hamabinako berdinketara arte, markagailua oso estu joan zen, bi bikoteek nahi baino huts gehiago egin zituzten, baina bietako inor ez zen markagailuan alde egiteko gai izan. Lauren artean inor nabarmentzekotan, Oihana Orbegozok, pilota mistoarekin jokatzen zuen lehen txapelketan, erakutsitako ziurtasuna goraipatu beharko litzateke, partida osoan zehar oso erregular aritu zen eta. Azken berdinketa horretatik aurrera, ordea, Amaia Aldaik sakearekin egindako mina izan zen urdinen garaipenaren gakoa. Denera 8 tanto egin zituen Dimakoak lehen pilotakadarekin eta Olatz Arrizabalaga gainetik pasa eta jokoa atzean kargatzearen estrategia bikain joan zitzaien, azkenean 12-22 irabaztea lortu zutelarik.
Oso bestelakoa izan zen bigarren finalerdia, askoz gorabeheratsuagoa eta lehiatuagoa eta Patri Espinarrek eta Naroa Agirrek asko sufritu behar izan zuten finalerako txartela eskuratzeko. Usansolokoak, gainera, eskuetatik nahiko larri amaitu zuen, hotzak eragin handia egin zion eta, baina orain bi aste izango ditu eskuak osatu eta finalerako prest egiteko.
Eta hori partida oso maldan behera jarri zitzaiela urdinei. Espinarrek bizi erabili zuen pilota hasieran, sakez min dezente egin zuen eta lehia erosoa izango zutela zirudien 6-14 aurreratu zirenean. Partidak, ordea, buelta handi bat izan zuen Mirian Arrillaga jokoan sartu zenean, atzean zuloak egiten hasi zen bere pilotakada indartsuekin eta markagailua berdintzea ez ezik, aurre hartzea ere lortu zuten, aginagarrak piloteoan izandako nagusitasunari esker. Baina pilotari zaildua da oso Patri Espinar eta, partida oso txukuna egin zuen Naroa Agirrek lagunduta, partidari beste buelta bat ematea lortu zuten. Sakea berreskuratzea funtsezkoa izan zen urdinentzat eta azken zortzi tantoak jarraian lortuta, finalerako txartela eskuratu zuten (18-22).
Plazandreak Udako Torneoaren finalerdiak zehaztuta geratu dira
Reyes Azkoitiaren taldea vs Erlantz Garciaren taldea eta Mikel Inuntziagaren taldea vs Naroa Elizalderen taldea izango dira torneoaren finalerdiak
Donibane Lohizuneko lehenengo bi masterrak lehiatu dira
Aurrenekoan Imanol Lopez-Olharan bikotea nagusitu zen eta bigarrenean Barandika eta Lopezek jantzi zuten txapela
Plazandreak Torneoko bosgarren jardunaldia lehiatu da
Mikel Inuntziagaren taldeak 3-0 irabazi die Erlantz Garciak zuzenduriko neskei