EUSKAL PILOTA
Aldabe-Apezetxeak eta Urrutia-Labakak irabazi dute eta finalaurrekora sailkatu dira
Berria erremonte txapelketako lehen faseko hirugarren eta azkeneko jardunaldia jokatu zen larunbatean Galarretan, non Aldabek eta Apezetxeak 27-35 irabazi zioten Etxarri-Martirenari eta finalaurrekora sailkatu ziren B multzoko lehen postuan.
Urrutia II.a-Labakak, Susperregi-Zubiri bikotea 35-16 gainditu zuten eta A multzoko bigarren postuan sailkatu ziren finalerdietara, Susperregi eta Zubiri kanporatuta geratu ziren bitartean. A multzo honetan Goikoetxeak eta Odeik osatutako bikotea geratu da lehen postuan. Finalerdiak martxoaren 25ean (ostirala) eta apirilaren 2an (larunbata) jokatuko dira. Goikoetxea-Odei, Loitegi-Zalduaren aurka, eta Aldabe-Apezetxea, Urrutia II-Labakaren aurka.
Jaialdiari hasiera emateko, Aldabe-Apezetxea bikoak garaipena lortu zuen Etxarri-Martirenaren aurka, 27-35. Garaipen hori 0-14ko partzialari esker gauzatu zen. Etxarri-Martirena 19-17 irabazten ari ziren, baina urdinek 19-31ra alde egitea lortu zuten. Aldabek 16 tanto eta 3 huts egin zituen berriro, aurrean nagusi izan zelarik, eta atzean Apezetxeak profesional mailarako prest dagoela erakutsi zuen sakez egindako bost tantorekin, zazpi piloteoan eta huts bakarra egin eta gero. Gorrietan Etxarrik pilotakada bikainak eta hutsak tartekatu zituen eta 12 tanto eta bost huts egin zituen. Martirenak bost tanto egin zituen saketik, bost piloteoan eta hiru akats.
Jaialdiko hirugarren partidan Urrutia II.a-Labakaren eskarmentuak garaipen argia eman zien, 35-16. Hori bai, partida hasieran abantaila urdinen aldekoa zen. 4-10 ere irabazten zuten, baina partziala izugarria izan zen hortik aurrera. 31-6ko partzialarekin partidua erabat gorrien aldekoa izan zen. Labaka guztien gainetik nabarmendu zen sakez egindako bederatzi tantorekin, sei piloteoan eta huts bakarra egin zuelarik.
Ezkurra II.ak eta Azpirozek estelar ikusgarria eraman dute
Ezkurra II.ak eta Azpirozek 38-40 irabazi zieten Segurola eta Barrenetxea IV.ari. Lau pilotariek maila bikaina eman zuten. Partida polita izan zen, parekatua, azkarra, eta ikusleak liluratu zituena. Berdinketak etengabeak izan ziren partida osoan eta gorriek 37-35 irabazten zutenean, urdinek lau tanto jarraian egin zituzten. Barrenetxeak saketik egindako falta batekin iritsi zen azken tantoa. Ez zuen merezi partida horrela bukatzea. Barrenetxeak 11 tanto egin zituen piloteoan eta bost tanto sakean, baina sakeko faltek min eman zioten. Azpirozek aurre egin zion: 9 tanto egin zituen piloteoan, hiru saketik eta hiru akats. Aurrean Segurola bere mailarik onenean aritu zen 16 tanto eta bi akats eginda eta Ezkurra II.a izan zen partidako onena 20 tanto eta hiru akats eginda. Denetarik egin zuen, erasoan ederki eta defentsan sendo.
Martxoaren 19ko emaitzak Galarretan
- Etxarri-Martirena, 27 – Aldabe-Apezetxea, 35 BERRIA TXAPELKETA
- Segurola-Barrenetxea IV.a, 38- Ezkurra II.a-Azpiroz, 40 ESTELARRA
- Urrutia II.a-Labaka, 35- Susperregi-Zubiri, 16 BERRIA TXAPELKETA
Berria Erremonte Txapelketa 2022
Aurtengo txapelketan sei bikote arituko dira lehian eta etorkizuneko erremontistentzat dago zuzendua, baita gaur egunean puntan dabiltzen hainbat pilotarirentzat.
Esan bezala, sei bikotek hartuko dute parte 2022ko lehiaketan, bi taldetan banatuta: Susperregi-Zubiri, Urrutia II.a-Labaka, Goikoetxea V.a-Odei, Loitegi-Zaldua I.a, Aldabe-Apezetxea, eta Etxarri-Martirena. Lehenengo hiru bikoteak A taldean daude eta ondorengo hirurak B taldean.
TALDEAK
A taldea:
Susperregi-Zubiri
Urrutia II.a-Labaka
Goikoetxea V.a-Odei
B taldea:
Loitegi-Zaldua I.a
Aldabe-Apezetxea
Etxarri-Martirena
Aurreneko fasean ligaxka jokatuko da talde bakoitzeko bikoteen artean denak denen aurka. Hiru jardunalditan jokatuko da, martxoaren 5ean, martxoaren 12an eta martxoaren 19an. Lehenengo bi sailkatuak finalerdietara sailkatuko dira eta martxoaren 26an jokatuko da lehenengo finalerdia eta apirilaren 2an bigarren finalerdia. Finalerdietako irabazleak finala jokatuko dute apirilaren 9an.
Txapelketaren egutegia:
LIGAXKA: Martxoaren 5, 12 eta 19an.
- 6 bikoteek hartuko dute parte txapelketa honetan eta bi taldetan banatuak egongo dira.
- Talde bakoitzean, denok denon aurka jokatuko dute.
- Txapelketako partida guztiak 35 tantura jokatuko dira
- Puntuaketa sistema ondorengoa izango da:
35 tantu (irabazlea) 4 puntu
34tik 32 tantura 2 puntu
31tik 29 tantura 1 puntu
28tik 23 tantura 0 puntu
22 edo gutxiago -1 puntu
FINALAURREA: Martxoaren 26an eta apirilaren 2an.
- Ligaxkan parte hartzen duten 6 bikoteetatik, bi kanpoan geldituko dira, hortaz finalaurre honetan, talde bakoitzaren lehenengo 2 postuetan sailkatu diren 4 bikoteak hartuko dute parte.
- 4 bikote hauen gurutzaketak honakoak izango dira:
Martxoak 26 (larunbata) (35 tantura):
A taldean 1. postuan sailkatu denak, B taldean 2. postuan sailkatu denaren aurka jokatuko du.
Apirilak 2 (larunbata) (35 tantura):
B taldean 1. postuan sailkatu denak, A taldeko 2. postuan sailkatu denaren aurka jokatuko du.
- Beren partida irabazten duten bi bikoteek jokatuko dute aurtengo BERRIA Erremonte Txapelketaren finala.
Emakumeen Esku-pilotako IV. Bizkaia Txapelketa azken txanpan sartu da
Final haundia apirilaren 23an jokatuko da Bizkaia frontoian
Barandika eta Lekerika, Danian txapeldun
Battle at the Palace txapelketako finalean, Olharan eta Etchetori 21-12 irabazi ostean
Emakumezkoen IV. Eskupilota Bizkaia Txapelketaren finalerdiak lehiatu dira
Emaitzak: Aldai-Mendizabal 22 vs. Larrarte-Oses 8 eta Garai-Gaminde 8 vs. Arrizabalaga-Agirre 22