HERRI KIROLAK/SEGA
Alaitz Imaz eta Julen Gabirondo garaile bakarkako Sega Ligan
Almitza elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko XII. Bakarkako Sega Liga irabazi dute Alaitz Imaz hernialdetarrak eta Mikel Lizartza tolosarrak
Almitzak antolatzen duen Euskal Herriko XII. Bakarkako Sega Ligako hirugarren eta azken saioa lehiatu zen pasa den larunbatean, uztailak 3, Etxalekun (Imotz bailaran), arratsaldeko 18:00etan hasita. Azken saioa izanik, finala ere izan zen, bertan erabaki zirelarik aurtengo txapelketaren irabazleak.
Lehia puri-purian zegoen, izan ere, gizonezkoetan lehen postuan berdinduta zeudela lehiatu ziren Julen Gabirondo eta Migel Mari Jauregi ‘Altzo’ (119 puntu bakoitzak) eta beraz aukera guztiak irekita zeuden. Emakumezkoetan aldiz, Alaitz Imaz (120 puntu) eta Ainara Otamendiren (118 puntu) artean zegoen lehia eta gizon gazteen mailan Arkaitz Gabirondo eta Jokin Mikeo ere lehen postuan berdinduta zeuden.
Azkenean, emakumezkoetan Alaitz Imazek eskuratu zuen txapela, izan ere, Ainara Otamendi ibartarrak larunbateko saioa irabazi bazuen ere, Imaz bigarren sailkatu zen, ligako lehen postua mantenduz. Sailkapen orokorrean bigarren izan zen Otamendi, Malou Henriksen andoaindarrak eskuratu zuen hirugarrengo tokia, eta Jugatx Agirre berastegiarra izan zen laugarren.
Gizonezko helduen kategorian, azken saioan Gabirondo irabazle irten zen eta era horretan, Zaldibian, Altzon eta Etxalekun azken asteetan egindako hiru norgehiagoetan punturik gehien lortu duen segalaria izanik berak eraman zuen txapela etxera. Sailkapen orokorrean, Migel Mari Jauregi ‘Altzo’ izan zen bigarren eta Mikel Lizartza tolosarra hirugarren.
Gizon gazteetan Iñigo Etxabe belauntzarra izan da lehenengoa, eta Arkaitz Gabirondo gazteluarra bigarren. Auritz Alkorta asteasuarra izan da garaile mutil gazteetan, eta neska gaztetxoetan Izadi Arrospide leaburuarra izan da irabazlea eta bigarren postuan amaitu du Mireia Larreta leaburuarrak.
2020 Errota Harri Txapelketa lehiatu da
Mikel Lopetegi “Urra”k jantzi du txapela Xabier Peñarekin lehia estua izan ondoren
Finol eta Etxeberria nagusitu dira Euskal Herriko Ingude Txapelketan
Gorka Etxeberria oriotarra gizonezkoetan eta Virginia Finol iruñearra emakumezkoetan dira txapeldun berriak
Binakako Aizkolari Txapelketa Aian
Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdi nagusitu dira Ruben Saralegi eta Eneko Otañoren aurka. Emakumeen banakakoan Nerea Sorondok Irati Astondoari irabazi dio. Harrijasotzean Xabier Peña izan da garaile