HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA
Aizkolarien eta harri-jasotzaileen txapelketen lehenengo jardunaldia lehiatu da Leaburun
Iragan larunbatean, ekainak 27, abiatu zen XXIII. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa, Leaburun lehenengo kanporaketa jokatu zelarik, non Jon Rekondo leitzarrak erraz irabazi zion Arraiarango Iñaki Azurmendiri, eta orain Iker Vicenteren aurka lehiatuko da finalaurrekoan.
Rekondo hiru probetan izan zen Azurmendi baino hobea: erlojuaren kontrakoan, 45 ontzako enborra 47 segundoan moztu zuen leitzarrak eta 56 segundoan aurkariak. 65 ontzakoa mozteko 2 minutu eta 59 segundo behar izan zituen Rekondok eta 3 minutu eta 54 segundo, Azurmendik. Proba luzean, 54 ontzako bi enbor eta 60 ontzako lau mozteko 19 minutu eta erdi baliatu zituen Rekondok eta 20 minutu eta 46 segundo Azurmendik. Orotara beraz, 23 minutu eta 16 segundotan amaitu zituen bere lanak Jon Rekondok eta 25 minutu eta 36 segundutan Iñaki Azurmendik.
Urrezko Aizkolari Txapelketaz aparte, Egur Sport enpresak antolatzen dituen beste bi lehiaketen jardunaldia ere jokatu zen Leaburun, Hiru Hamarreko Harri-jasotze Txapelketa, gizonezkoek parte hartzen dutena, eta Emakumezkoen Harri-jasotze Txapelketa.
Hiru hamarreko harri-jasotze txapelketako aurreneko neurketan Urdax Magunazelaia eta Mikel Lopetegi “Urra” lehiatu ziren elkarren aurka. Ia erabateko berdintasuna eman zen norgehiagokan, izan ere, 44na altxaldi egin zituzten 125 kiloko harriekin. Zilindroari 17 jasoaldi eman zizkion Magunazelaiak eta 19 Urrak; kubikoari 13 Magunazelaiak eta 14 Urrak, baina azkenean bolarekin berdindu egin zuen lehia Magunazelaiak, 14 aldiz altxatuta, Urrak baino hiru gehiago.
Emakumezkoen harri-jasotze txapelketaren baitan, Udane Ostolaza gazte oriotarra 50 kiloko harriekin aritu zen. Leaburun jokatu zuen bere ibilbideko aurreneko txapelketa ofiziala harri jasotzaile gazteak (adinagatik orain arte ezin zuelako lehiaketa ofizialetan parte hartu), eta emaitzarekin gustura da: 50 kiloko zilindrikoari 15 altxaldi eman zizkion, 50 kiloko kubikoari bederatzi, eta pisu bereko bolari, 12.
Hiru neskek lehiatuko dute emakumezkoen harrijasotze txapelketa (Ostolazaz aparte, Karmele Gisasola eta Virginia Finol), eta bakoitzak hiruna saio egingo ditu, banaka, astero batek. Ondoren, hirurak jokatuko dute finala, abuztuaren 1ean Azpeitian.
Hurrengo jardunaldia uztailaren 4an lehiatuko da, Larraulen, 12.00etatik aurrera. Aizkoran Ruben Saralegi eta Ugaitz Mugerza neurtuko dituzte indarrak eta harri-jasotzen, Xabier Peña eta Beñat Telleria izango dira aurkariak. Emakumezkoen Harrijasotze lehiaketan Karmele Gisasolaren txanda izango da.
Julen Alberdi-Suharri Rodriguez eta Nerea Sorondo-Nerea Arruti, aizkora txapeldunak
Egur Sportek antolatutako herri kirol txapelketen finalak lehiatu ziren Izarraitz pilotalekuan igande honetan
Amaitu da Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketa
Jokoan zeuden azken bi txapelak ere Beti Gazteko lesakarrek jantzi dituzte
Mugertza eta Gabirondo, Binakako Aizkora txapelketako finalera
Emakumezkoen Binakako Aizkolari Txapelketa zein harri altxatze txapelketak ere lehiatu ziren Urnietan